Faxismoaren eta matxismoaren aurkako aldarrikapenekin bete ziren bailarako kaleak

Kronika - Erredakzioa 2025ko mar. 9a, 00:00

Manifestazio jendetsua izan zen Hernaniko Koordinadora Feministak deitutakoa.

Jendetza bildu zen Hernaniko Koordinadora Feministak deitutako manifestazioan, eta Astigarragan kontzentrazioa egin zuten arratsaldean. Itaiak emakume langileak «lehen lerrora» pasatzeko deia egin zuen. 

Urumea bailarako kaleak aldarrikapenez bete ziren atzo. Martxoaren 8ko mobilizazioak oso jendetsuak izan ziren, eta faxismoaren zein matxismoaren aurkako oihuak egun osoan zehar entzun ziren kaleetan. 

Eguneko manifestazio jendetsuena Hernaniko Koordinadora Feministak deitutakoa izan zen. A25 plazatik abiatuta, herritar ugarik egin zuten bat deialdiarekin, kalean behera bukatzen ez zen ilara osatuta. 'Faxismoaren kontra ausardia eta aliantza feministak!' lelopean egin zuten manifestazioa, eta ideia hori nabarmendu zuten Tilosetan egindako ekitaldian: «Eskuin muturraren, faxismoaren eta jarrera erreakzionarioen gorakada ikus dezakegu hainbat esparru eta sektoretan; sare sozialetan, prentsan, kalean, diskurtsoetan, proposamen politikoetan... Ezkerreko sektoreetan ere ari gara ikusten feminismoarekiko kontrakotasuna edota diskurtso arrazisten gorakada. Aipaturiko guztiak emakume trans eta bolleron zapalkuntza eragiten du, sistema zisheteropatriarkal, kapitalista, kolonial eta arrazistaren sostengurako ezinbesteko ideiak sortzen baitituzte».

Astigarragan arratsaldeko 18:00etan egin zuten kontzentrazioa. Emakumeon Etxearen aurrean elkartu ziren, 'M8. Aldarrikatu, saretu, borrokatu' zioen pankartaren atzean. Bertan ere faxismoaren gorakadari egin zioten erreferentzia: «Euskal Herri feminista dugu helburu, eta antolatuta gaude. Faxismoari aurre egingo diogu eta borroka honetan ezinbestekoa da emakume eta gorputz disidente oro kalera atera eta egunerokoan lanean jarraitzea. Faxismoari aurre egiteko modu zuzenetako bat feminista izatea da. Faxismoaren aurrean, ausardia eta aliantza feministak!». 

«Langile mugimendu indartsua» eraikitzeko deia, Itaiak

Buruntzaldeko Itaiak Hernaniko Gudarien plazan egin zuen M8ko elkarretaratzea. 'Matxismoaren aurrean emakume langileok borrokara!' izan zen hautatutako leloa, eta antolatzeko deia egin zuten kontzentrazioaren amaieran: «Kultura matxista hedatzeko izugarrizko lana egiten ari dira alderdi eskuindarrak. Egoera larria da, eta are larriagoa izan daiteke. Faxismoari eta matxismoari aurre egingo dion langileon mugimendu indartsua eraikitzeko momentua da. Hori gauzatzeko, emakume langileok lehen lerroan jarri behar dugu. Emakumeon zapalkuntza gainditzeko sozialismoaren aukera errealitate bihurtzeko borrokan jarraituko dugu».

Goizuetan ere plaza bete jende

Goizuetarrek herriko plazan egin zuten kontzentrazioa. Haur, gazte zein heldu, jende ugari elkartu zen elkarretaratzean, 'Aliantza eta ausardia feminista' lelopean. Ondoren, bazkari baten bueltan elkartu ziren herriko emakumeak.

Erlazionatuak

M8 - Hernaniko Koordinadora Feminista

Kronika - Erredakzioa mar 09 Hernani

M8 - Astigarragako kontzentrazioa

Kronika - Erredakzioa mar 09 Astigarraga

M8 - Itaiaren kontzentrazioa

Kronika - Erredakzioa mar 09 Hernani

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!