Bikain ekin dio BTT zirkuituko Espainiako Kopari, Eneko Olveira astigartarrak, elite mailakoekin estreinakoz lehiatu arren: zazpigarren izan zen Zaragozan, txapelketako aurreneko proban, joan den igandean. Thibaut François frantziarrak (1:34:17) nagusitasun haundiz irabazi zuen, bi minutuko aldearekin; eta 1:38:32 denboran osatu zuen proba astigartarrak, bosgarrenetik 9 segundura.
Aurreko urtean junior mailako Espainiako Kopa irabazi zuen astigartarrak, eta estreinako denboraldia du aurtengoa, 23 urtez azpikoetan. Hori horrela, elite mailakoekin batera ariko da lasterketetan. Zaragozan, bosgarren izan zen 23 urtez azpikoen artean.
Naya Mangas bederatzigarren, Ane Santesteban Sarian
Bestalde, martxan da errepideko denboraldia ere, kategoria gehienetan. Otsaileko azkeneko asteburuan, Errenterian jokatu zuten Ane Santesteban Saria, eta elite mailan bederatzigarren izan zen Naya Mangas hernaniarra, bigarren sailkatuaren talde berean. Talde horretan helmugaratu zen Intza Navarro hernaniarra ere, 16garren. Paula Ostiz nafarrak irabazi zuen, minutu eta erditik gorako aldearekin.
Asteburu honetan zenbait proba izango dira Gipuzkoako errepideetan. Afizionatu mailako mutilek Aiztondo Klasika jokatuko dute gaur, Espainiako Kopakoa, 10:25etan Adunatik abiatuta. Mutil juniorrak Mutrikun ariko dira bihar, 15:30etan, Atxukale Sarian. Eta mutil kadeteek Mendaroko Sari Nagusia izango dute bihar, 11:00etan hasita.