Eibarri ezustekoa eman nahi dio Hernanik, bihar arratsaldean Unben

Kronika - Erredakzioa 2025ko mar. 8a, 00:00

Sestao River menderatu zuen Hernanik, aurreko asteburuan Zubipen.

Etxean bi garaipen segidan lortu ondoren, Eibarren jokatuko dute berdeek, arratsaldeko 17:45etan hasita.

 

Osatu dute Gipuzkoako Batel Ligaren aurreneko erdia, eta punta-puntako maila ematen ari dira Hernaniko neska kadeteen eta jubenilen batelak, biak ere garaipenaren lehian sartuta, bete-betean.

Neska kadeteek lidertzari eutsi zioten aurreko asteburuan, Urumea ibaian jokatutako estropadan, Donostian. Bigarren izan ziren, Tolosaldearen atzetik, Zumaiarekin «lehia gogorra» izan ondoren, Erik Gonzalez entrenatzaileak nabarmendu zuenez: «Gutxigatik, baina zumaiarren aurretik sailkatu ginen, eta pozik gaude emaitzarekin eta arraunketarekin, aurrerapauso bat eman baitugu aurreko estropaden aldean. Estropada osoan zehar asmatu zuten erritmoarekin». Bigarren postu horrekin, puntu bakarreko aldea dauka Hernanik orain, Tolosaldearekin.

Maila horretan, bigarren batel bat ere uretaratu zuen Hernanik, aspaldiko partez, hainbat arraunlari lesionatuta egon ondoren. «Arraunean txukun arituta, estropada ona» osatu zuten, 11garren sailkatuta.

Neska jubeniletan ere, oso estu dago sailkapena, eta lau batel ari dira garaipenaren lehian. Laugarrena da Hernani, 45 punturekin; eta Tolosaldea da liderra, 48rekin. Tartean daude Hibaika (47) eta San Juan (45). Hori gutxi balitz, aurreko asteburuan segundu eta erdiko tartean sailkatu ziren lauak, eta ezin tarte txikiagoagatik egin zion ihes garaipenak Hernaniri: 0,07 segunduko aldearekin nagusitu zitzaion Tolosaldea. «Hain dago lehia estua, hankasartze txiki batek asko baldintzatu zaitzakeela puntuak lortzeko garaian», azaldu zuen Asier Ocon entrenatzaileak: «Oso pozik nago arraunlariek egindako lanarekin».

 

Zazpigarrena gaur, Orion

Gaur bertan jokatuko dute Gipuzkoako Batel Ligako zazpigarren estropada, Orion, goizeko 10:30etan hasita.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!