Hika ere egingo du aurtengo Euskaraldiak, Astigarragan, Goizuetan eta Hernanin

Kronika - Erredakzioa 2025ko mar. 8a, 00:00

Xabi Ezponda eta Ganix Urdangarin, Euskaraldiaren Hernaniko eta Astigarragako dinamizatzaileak, Ahobizi eta Belarriprest txapak eta 'Hika' pegatinak irudikatuz.

'Euskaraldia-Hika' ekimenarekin bat egin dute hiru herriek, eta Ahobizi eta Belarriprest txapetan 'H' hizkia gehituko diete, Euskaraldian hika egitera animatzen diren herritarrei. Gaur zortzi zabalduko dute izenemate epea.

 

Aurtengo udaberrian izango du laugarren edizioa Euskaraldiak, maiatzaren 15etik 25era; eta ekimenarekin bat egin dute Urumea bailarako udalerri guztiek.

Une honetan, entitateen izenemate epea dago zabalik, eta ziztu batean dijoa: dagoeneko 90 baino gehiago dira Euskaraldira batu direnak, bailaran. Egunero-egunero ari da entitateren bat izena ematen, dinamizatzaileek aditzera eman dutenez.

Norbanakoentzat, berriz, gaur zortzi zabalduko dute izenematea, martxoaren 15ean. Ahobizi gisa hartuko dute parte batzuek, belarriprest paperean ariko dira besteak... Eta berezitasun bat izango du aurtengoak, Astigarragan, Goizuetan eta Hernanin: Hika ere egingo du Euskaraldiak, hiru herrietan.

Aurreko ediziotan, zenbait herritan jarri zuten martxan 'Hikaldia' deitu zutena, eta ekimen horretatik abiatuta, Euskaraldia-Hika sortu dute Taupak eta ZirHikak, aurtengoan. Egitasmora batu dira 83 herri dagoeneko, eta horien artean daude Astigarraga, Goizueta eta Hernani. Hori horrela, Euskaraldian izena emango duten astigartarrei, goizuetarrei eta hernaniarrei, galdetuko diete Euskaraldia-Hikan ere parte hartu nahi duten. Baiezkoan, Euskaraldiko ohiko txapei (Ahobizi eta Belarriprest) pegatina bat gehituko diete, 'H' hizkiarekin. Honakoa izango da bere esanahia: 'Nahi baduzu, nirekin hika egin dezakezu'. Ezezkoa erabakiz gero, berriz, Euskaraldiaren ohiko dinamikan hartuko dute parte herritarrek, berdin-berdin.

Astebete barru zabalduko da Euskaraldirako izenematea, eta herritar guztiei luzatu diete parte hartzeko gonbitea, bailarako dinamizatzaileek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!