Sardinaren ehorzketarekin amaitutzat jo dituzte aurtengo inauteriak Hernanin

Kronika - Erredakzioa 2025ko mar. 5a, 00:00

Atzo arratsaldean, txokolatadaren ostean, agurtu zituzten 2025eko inauteriak, sardinarekin kale-buelta egin ondoren. Goizuetan, berriz, helduen Zahagi Dantza ospetsua eginda, larunbatean agurtuko dituzte inauteriak.

Hurrengo urtera arte, amaitu dira Hernaniko inauteriak ere, orain, Goizueta da Urumeako bailaran festari heltzen dion herri bakarra. 

Atzo arratsaldez, hernaniarrak beltzez jantzita egin zuten kale-buelta sardinarekin batera. Lehenago txokolatada egin zuten, Gudarien plazan eta arratsaldeko lehen  orduan Hernaniko Musika Eskolako trikitilariek ere kontzertua eskaini zuten Kaxkoan.

Kolore biziak amaitu dira, oraingoz, Hernani inguruan. Goizuetan, aldiz, festarekin jarraituko dute larunbatera arte.

Goizuetako Karnabalak larunbatera arte luzatuko dira

Atzo helduen Zahagi Dantza ospetsua egin zuten Goizuetan, giro ezin hobean. Goizean goizetik Mozorroak kalean gora eta behera ibili ziren, eta bazkaltzeko eta afaltzeko ere elkartu ziren herritarrak.

Goizuetako herritarrek martxoaren 8an amaituko dituzte inauteriak, Emakume Langilearen Nazioarteko egunarekin batera.

Egun horretan, eguerdiko 12:30etan mozorroen poteoa antolatu dute, Igandea txarangarekin batera. Ondoren, azken bazkari herrikoa egingo dute, 14:30etan. Mozorroen bazkaria egin eta behin bazkalostea luzatu ostean, Igandea txarangarekin aterako dira herritarrak kalejiran. Eguna luzatu nahi duenak, aukera izango du herriko gaztetxean, Dj-ak izango baitira: Dj Oattolo eta Dj Jussy aparteko musika pintxatzen egongo dira, gaua dantzan pasa dezaten mozorroek.

Erlazionatuak

Sardinaren ehorzketa

Kronika - Erredakzioa mar 05 Hernani

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!