Gaur amaituko dira inauteriak Hernanin, Sardinaren ehorzketarekin batera. Arratsaldeko 18:30etan beltzez jantziko da herria inauteriak agurtzeko. Goizuetan, berriz, Martxoaren 8a arte luzatuko dira inauteriak. Gaur egingo dute helduen Zahagi Dantza ospetsua, eta mozorroak herritik ibiliko dira festan.
Atzoko eguna polita izan zen Hernanin, herriko haurrek eurentzako eguna izan zuten: gaztetxoen Azeri Dantza, haur jolasak eta zezen gurpildunak izan baitziren protagonista. Goizuetan, aldiz, egun haundia ospatu zuten: goizean goizetik mozorroak baserriz-baserri ibili ondoren, bazkari herrikoia, konpartsa, dj-ak eta mozorroen afariarekin agurtu zuten eguna.
Larunbatera arte luzatuko da festa Goizuetan
Martxoaren 8an amaituko dira Goizuetan inauteriak: mozorroen poteoa, bazkaria eta Dj-ak ere izango dira gaztetxean.
INAUTERIETAN GAUR GOIZUETAN 09:00, Mozorroen gosaria 10:00, Mozorroen irteera. 14:00, Mozorroen bazkaria. 17:00, Zahagi Dantza, Motzanetik hasita. 22:00, Mozorroen afaria.
HERNANIN 17:00, Hernani Musika Eskola publikoko trikitilariak, erdigunean. 18:00, Txokolatada, Plazan. Kaxko Auzo Elkartea. 18:30, Sardinaren ehorzketa, dultzainero taldearekin. |