Erraz galdu dute Salaberriak eta Gaskuek

Kronika - Erredakzioa 2025ko mar. 4a, 00:00

Finalerdietako ligaxka ez dute nahi bezala hasi Murua eta Bikuñaren aurka, eta finalerako pasea garesti jarri zaie.

Iker Salaberria goizuetarrak eta Andoni Gaskue ultzamarrak, Ander Muruaren eta Iñigo Bikuñaren kontra 11-22 galdu zuten, Orozkon, Serie B txapelketako finalerdietako ligaxkaren lehenengo partiduan.

Finalera sailkatzeko aukerak murriztu zaizkie Iker Salaberriari eta Andoni Gaskueri emaitza honekin. hala ere, oraindik ere finalerako txartela ez dago galduta. Ostiralean, Mallabian, Zubizarreta eta Morgaetxeberria izango dituzte aurkari eta derrigorrez irabazi beharreko partidua izango da, bizirik jarraitu nahi izanez gero. 

Orozkon Murua eta Bikuña nagusi izan ziren. 3-16 aurreratu ziren urdinak eta azkenean lortu zuten gorriek lehia parekatzea, nahiz eta markagailuan abantaila haundia izan. 

Umore Onak Ohorezko mailan jarraituko du

Afizionatu mailan Espainiako Kluben Arteko Txapelketan Umore Onak Ohorezko Mailan jarraituko du beste urte batez. Azkenaurreko jardunaldian lortu du matematikoki mantentzea bi partiduak irabazi eta gero.

Eñaut Lizeagak erraz gainditu zuen Najerino taldeko Adrian Prado 4-10 eta 4-10. Binaka Beñat eta Antton Apezetxeak 1-2 (10-6, 2-10 eta 3-5) lortu zuten garaipena Unax Ramirez eta David Merinoren aurka. Zazpigarren kokatu dira sailkapenean.

 

Ekhi Oses eta Lier Zugasti ez dira finalera sailkatu

Euskal Ligan, kadeteetan, Ekhi Osesek eta Lier Zugastik semifinala galdu zuten Villabonan, 22-15, Behar Zana taldeko Otaegiren eta Caballeroren kontra. Otaegi bitan izan zen bailarako pelotarien borrero. Trinketean Mundarroko Aimar Zabala gainditu zuen jubenilen semifinalean, 35-15.  Jon Jarak, nagusien bigarren mailan, lortu zuen finalera sailkatzea Behar Zanako Olasagasti 40-21 gainditu eta gero.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!