Elkarlanean jarraituko dute Buruntzaldeko sei udalek, «euskeraren normalizaziorako egitasmoak burutzen». Horretarako hitzarmena berritu dute, eta ostiralean egin zuten sinadura ekitaldia, Hernaniko udaletxean, Astigarragako, Hernaniko, Andoaingo, Lasarte-Oriako, Urnietako eta Usurbilgo alkate, zinegotzi eta euskera teknikariak bertan zirela. Horien artean, Hernaniko Xabier Lertxundi alkatea, Axier Mingo euskera zinegotzia eta Jokin Nazabal euskera teknikaria; eta Astigarragako Xabier Urdangarin alkatea, Ainara Vazquez euskera zinegotzia eta Joseba Orella euskera teknikaria.
Hitzarmena berrituta, segida emango diote 2002an hasitako elkarlanari. Duela 23 urte ekin zioten sei udalek, euskeraren normalizaziorako egitasmoak elkarrekin bideratzeko asmoz, eta «orduko berbera» da hitzarmen berriaren helburua, Axier Mingok azaldu zuenez: «Elkarren berri izateak eta elkarrekin lan egiteak, aukera ematen digu gauza gehiago eta hobeto egiteko».
Urte hauetan, euskera sustatzeko hainbat eremu jorratu dituzte eskualde mailan: merkataritza, familia transmisioa, autoeskolak, kultur agenda... Familia transmisioari dagokionez, zehazki, Mingok gogora ekarri zuen orain gutxi berritu dutela «haur jaioberriak erroldatzean ematen zaien materiala».
Hernaniko euskera zinegotziak bereziki nabarmendu zuen Buruntzaldeko Kultur Agenda, www.euskara.buruntzaldea.eus webgunean eta haren sare sozialetan jasotzen dituena Buruntzaldean antolatutako euskerazko kultur jarduera guztiak: «Oso egitasmo interesgarria da, aisialdia euskeraz kontsumitzea sustatzeko».
Estitxu Alkorta Lasarte-Oriako euskera zinegotziak ere hartu zuen hitza, eta aurrera begirako erronkak aipatu zituen: «Lanean jarraituko dugu Eusko Jaurlaritzaren AROA marko estrategikoak zehazten dituen zazpi ardatzen baitan, datorren hamarkadan euskera indarberritzen jarraitzeko».
«Euskera-eskola binomioa hausteko, aisialdian eragiteko asmoa daukagu,
ondo pasatzeko eremuak sortuz»
Gainera, Alkortak nabarmendu zuenez, martxan dauden egitasmoez gain, «erronka berriak begiz jota» dauzkate: «Azkenaldian, kezka iturri da gazteek zenbat erabiltzen duten euskera eskolaz kanpo. Buruntzaldeko herrien egoera soziolinguistikoa oso desberdina da, baina euskera-eskola binomioa hausteko, aisialdian eragiteko asmoa daukagu, ondo pasatzeko eremuak sortuz».
Lan-mundua da etorkizuneko beste erronka bat, Alkortak aditzera eman zuenez: «Orain Beterri-Buruntza Mankomunitatea ere badaukagu, Buruntzaldeko garapen sozioekonomikoa sustatzeko, eta herri berberak gaude bietan. Elkarlana bilatuko dugu».
Hitzartzeak bukatuta, ekitaldian bertan sinatu zuten hitzarmena sei udaletako alkateek, «euskera arloko erronka berriei elkarlanean heltzeko konpromisoa berretsiz».