Gaur hasiko da semifinaletako ligaxka, promozio mailako Binakako Txapelketan. Orozkoko frontoian jokatuko dituzte bi partiduak, iluntzeko 20:45etan hasita. Hori horrela, estreinako partidua jokatuko dute Iker Salaberria goizuetarrak eta Andoni Gaskue ultzamarrak, Ander Muruaren eta Iñigo Bikuñaren kontra. Julen Egigurenen ordez ariko da Murua, min hartuta baitago azpeitiarra.
Ligaxka laburra izanik, oso garrantzitsua da garaipenarekin hastea, finalerako txartela lortzeko bidean. Orain artekoa atzean utzi, eta hutsetik abiatuko dira lau bikoteak: hiruna partidu jokatuko dituzte, finalean zein ariko diren erabakitzeko.
Jardunaldi honetako beste partiduan, aurrez aurre izango dira Zubizarreta III-Morgaetxeberria eta Senar-Eskiroz bikoteak, Orozkon bertan.
Azkenaurreko jardunaldia Umore Onak, gaur Najeran
Bestalde, Najeran jokatuko du Umore Onak gaur, Espainiako Ohorezko Mailan, azkenaurreko jardunaldia. 19:00etan hasita, Najerinoren kontra ariko dira, bi partiduak irabazteko asmoz. Izan ere, mailari eustea ziurtatu dezake Umore Onak gaur. Azkeneko sailkatua da Najerino, bi garaipenekin; eta zortzigarren dago Umore Ona, bostekin. Haien artean Zugarralde, hiru garaipen lortuta.
Gaurkoan, Eñaut Lizeaga astigartarrak jokatuko du buruz buruko partidua Umore Onaren ordezkari, Najerinoko Ramírezen kontra; eta Beñat Apezetxea eta Antton Apezetxea goizuetarrak ariko dira binaka, Pradoren eta Merino IIren kontra.