Inauteri giroan murgilduko dira gaur Hernanin eta Ereñotzun. Gaur egingo du eztanda festak bi herrietan, bihar Astigarragan eta etzi Goizuetan. Umeen kalejirekin botako dute txupinazoa eta segidan hasiko dira lehen ekintzak.
Hernanin eguerdiko 15:15etan izango da jaien hasiera eskolako umeen kalejirarekin batera, Gudarien plazan. Kalejiraren ostean irtengo dira Erraldoiak eta Buruhaundiak, dultzaineroen laguntzarekin. Jarraian hasiko da haurrentzako Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoen emanaldia, Plaza Berrin. Euria eginez gero, ikuskizuna Atsegindegin egingo da.
Arratsaldeko 19:00etan afizionatu kategoriako pilota partidak eta emakumeen pala partidak hasiko dira, kiroldegian. Aldi berean, Matraka elektrotxaranga ibiliko da Hernaniko kaleetan barrena giroa alaitzen, eta 19:30etan Hernaniko Musika Bandak kontzertu tematikoa eskainiko du, Biteri Kultur Etxean.
Ereñotzun ere gaur hasiko dira ospakizunekin. Kalejira osatuko dute auzoan barrena eta ondoren, Txirrita eskolakoek jaialdia egingo dute frontoian.
Inauterietako kontzertu berezia, Hernaniko Bandak
Gaur eskainiko du Hernaniko Musika Bandak inauterietako kontzertu berezia. Arratsaldeko 19:30etan hasiko da Biteri Kultur Etxean. Gaurkoan zuzendaritzaren ardura Eneritz Jauregik hartuko du. Jauregik urteak daramatza bandako partaide lanetan flauta jotzen. Erdi-mailako ikasketak burutu zituen Donostiako kontserbatorioan eta goi mailakoak Iruñeako kontserbatorioan. Egun Donostiako kontserbatorioko flauta irakaslea da, baita Getariako musika bandako zuzendari.
Errepertorio «zabala eta anitza» prestatu du Jauregik gaurko: Guillermo Tell (Rossini), Karibeko piratak, Camino Real (bidai baten irudikapen musikatua) eta Suaren konga (Mexikoko abesti eta erritmoz jositako obra).
Bandako kideek azaldu dutenez, zuzendari ezberdinekin aritzeko aukera ikaskuntza ederra izan omen da bandako partaideentzako, «joera eta zuzentzeko estilo ezberdineko esperientziaz janzten baitira partaideak».