Inauterietako asteburuan ez dute atsedenik izango bailarako hiru futbol talde nagusiek. Etxean arituko dira Hernaniko bi taldeak, eta Irunen jokatuko du Mundarrok. Partidu guztiak gaur jokatuko dituzte.
Hernaniko Euskal Ligako nesken taldea izango da goiztiarrena. Eguerdiko 12:00etan jokatuko du Hernanik, Sestao Riverren aurka. Bizkeneskaken aurka lortutako garaipen argiak konfiantza eman dio taldeari, eta hiru puntuak berriro etxean mantentzen saiatuko dira jokalariak. Sestao River koska bat beherago dago sailkapenean, 14garren postuan dago, baina azken bi jardunaldietan garaipena lortu du. Hernanirentzat garrantzitsua da Zubipeko partiduak irabaztea, sailkapenean pixkanaka gora egiten jarraitzeko.
Ohorezko Erregional mailako gizonek 16:00etan jokatuko dute. Mondragonen bisita jasoko dute Zubipen, eta Mutrikun lortutako garaipen onari jarraipena ematea izango da helburua. Hiru partidu daramatza Hernanik galdu gabe, eta pixkanaka igotzen joan nahi du. Partidu lehiatua izango da gaurkoa; sailkapenaren erdialdean dago oraintxe Arrasateko taldea, eta azken bi partiduak golik jaso gabe irabazi ditu. Hernani, berriz, 14garren postuan dago.
Mariñoren aurka arituko da Mundarro
Aurreko asteko berdinketaren ondoren, hiru puntuen bila joango da Mundarro Irunera. Mariñoren kontra jokatuko dute astigartarrek, aurkari zuzena da Ventaseko taldea, eta oso berdinduta daude bi taldeak. Mundarrok hiru partidu daramatza garaipenik lortu gabe, baina Mariño ere ez da askoz bolada hobean iristen, azken bi partiduak galdu baititu.