Hezkuntza publikoko irakasleek greba deialdia, gaur eta bihar

Kronika - Erredakzioa 2025ko ots. 26a, 00:00

Txirrita eskolako ikasle eta gurasoek babesa eskaini die irakalseei.

Astigarragako, Hernaniko eta Ereñotzuko irakasleak Donostian mobilizatuko dira.

 

LAB, Steilas, ELA eta CCOO sindikatuek deituta EAEko hezkuntza publiko ez unibertsitarioko irakasleek bi greba egun izango dituzte gaur eta bihar. Hernaniko, Astigarragako eta Ereñotzuko eskola publikoetako irakasleen gehiengoak bat egingo du, «lan baldintzak hemen eta orain erabaki ditzagun» lelopean.

Sindikatuek salatu dutenez, «EAEn Hezkuntza sail berria dugun arren, azken urteetako jokamolde berbera dugu mahai gainean: hezkuntzako langileon lan-baldintzak okertzen ari dira, Hezkuntza sailak erabakiak aldebakarrez hartzen dituelako eta negoziazioak eduki esanguratsu gabe etengabe luzatzen dituztelako. Hori horrela, mobilizazioak eta grebak deitzea da utzi diguten aukera bakarra».

«Irakasleen hitzarmena 2010etik berritu gabe dago. Hamabost urte dira. Eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sail honek ere aurrerapausorik ez du ematen hitzarmenak berritzeko beharrezko edukiak proposatzerakoan. Hezkuntza Publikora bideratutako diru inbertsioa handitzeko momentua da eta langileon eskubideen urraketa geldiarazteko unea», gaineratu dute.

 

Txirrita eskolako familiek bat egin dute irakasleekin

Ereñotzuako Txirrita eskolako familiek bat egin dute irakasleek gaurko eta biharko deituak dituzten grebekin. «Gure haurrekiko arreta eta hezkuntzaren kalitatea hobetzeko, irakasleen lan baldintzak hobetzea beharrezkoa dela uste dugu», diote familiek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!