Iker Salaberriak eta Andoni Gaskuek 22-15 gainditu zituzten Dario eta Arkaitz Gabirondo, Iruñeako Labriten jokatutako Binakako Serie Bko playoffean. Beraz, bikote nafarrak lortu du finalerdietarako ligaxkara sailkatzea. Gainera, finalaurreko horiek ostiralean bertan hasiko dituzte, Orozkon, eta lehenengo partiduan aurkari izango dituzte Egiguren V.a eta Bikuña.
Salaberria eta Gaskue sasoi onean daude txapelketaren bigarren zati honetan, larunbatean erakutsi zuten bezala. Gaskuek denbora darama kolpe biziarekin, eta Salaberriak eman zuen aurrerapausoa playoffeko partiduan. Gabirondo ez zen batere eroso egon. Gaskueri aurre egitea zaila izan zitzaion eta pilotakada argiak huts egin zituen. Goizuetarrak aurrean bere ohiko trebetasuna erakutsi zuen tantoak bukatzen asmatuz.
Gurutzealde sailkatu da Trinketeko finalera
Bestetik, Gipuzkoako Trinkete Txapelketan finalerdiak jokatu ziren eta nagusien lehenengo mailan Oier Gurutzealde astigartarrak finalera sailkatzea lortu zuen Iñigo Labaka hernaniarra, finalerdian 40-17 gainditu eta gero. Hala ere, ez da Mundarrokoen arteko finalik izango, beste finalaurrekoan Xabier Barandiaranek galdu egin baitzuen Epleko Ibon Tabernaren aurka 40-34. Finala martxoaren 9an jokatuko dute Gurutzealdek eta Tabernak.
Jubeniletan Aimar Zabala (Mundarro) finalerdietara sailkatu da, azken jardunaldian ere irabazi eta gero. Kadeteetan ez da bailarako pilotaririk finalera sailkatu.
Umore Onak bina berdindu du Irurtzun Aren aurka
Espainiako Kluben arteko txapelketan Umore Onak, Irurtzun A taldearen aurka jokatu zuen Ohorezko Mailan. Banakakoan Eñaut Lizeaga bikain batek 0-2 (1-10 eta 3-10) garaitu zuen Alberto Ongay.
Binakakoan berriz Beñat eta Antton Apezetxeak 10-8 eta 10-7 galdu zuten Josu Igoa eta Aaron Arbizuren kontra. Jokoak parekatuak izan arren, Irurtzungo taldearen alde izan ziren.
Sailkapen nagusian Umore Ona zortzigarren postuan dago sailkatua, 19 punturekin, zazpigarrenarekin berdinduak.