Puntu sorta ederra lortu dute bailarako futbol talde nagusiek asteburuan. Zubipen irabaztea lortu zuten Euskal Ligako neskek, eta Mutrikun garaipena lortu zuten Ohorezko Erregionaleko mutilek. Mundarrok puntu bakarra eskuratu zuen Amara Berriren aurka.
Hernani 4-1 Bizkeneskak
Garaipena lortzeko partidua zen Hernanirentzat, eta taldeak ez zuen hutsik egin. Lehenengo minutuetan bideratu zuen garaipena Hernanik; 10. minutuan sartu zuen gola Xanet Etxarrik, eta 26. minutuan iritsi zen bigarrena Ane Roscoren eskutik. Bigarren zatian aldeak murriztea lortu zuten bizkaitarrek, baina bi kolpe gehiago gordeta zeuzkan Hernanik: Xanet Etxarrik egin zuen hirugarren gola eta Garazi Lizarragak jarri zuen azken emaitza markagailuan.
Sailkapenaren erdialdean dago Hernani, zortzigarren postuan. Asteburuan berriro Zubipen jokatuko du taldeak, Sestao Riverren aurka.
Mutriku 2-4 Hernani
Badirudi bolada onean sartu dela Hernaniko mutilen Ohorezko Erregional mailako taldea. Igandean 2-4 irabaztea lortu zuen Mutrikun, eta dagoeneko hiru partidu kateatu ditu galdu gabe. Denboraldi honetan hori lortzen duen lehenengo aldia da.
Hernaniren golegileak Xabat Etxandi eta Ibai Ezeiza izan ziren, bi gol sartu zituen bakoitzak, eta azpiko postuetatik pixka bat aldentzeko balio izan diote taldeari. Aste honetan Zubipen arituko da taldea, Mondragonen aurka. Sailkapenari erreparatuta, aurkari zuzena da Arrasateko taldea.
Mundarro 1-1 Amara Berri
Aurkari zuzen baten aurka puntutxo bat lortu zuen Mundarrok. Bi partidu zeramatzan talde astigartarrak punturik eskuratu gabe, eta garaipena lortzeko zorian egon zen asteburuan. 24. minutuan sartu zuen gola Xabier Zufiriak. Mundarrok ondo eutsi zion aldeari lehenengo zatian, baina 76. minutuan donostiarren gola iritsi zen. Ordutik aurrera, puntua babestea egokitu zitzaion Mundarrori.
Hamabigarren postuan dago talde astigartarra. Asteburu honetan partidu garrantzitsua jokatuko du Mariñoren aurka.