Elkarren arteko lehian dira Repsol eta Endesa energia enpresak, Urumea bailarako mendietan, Adarra-Mandoegi mendilerroan, parke eoliko bat eraikitzeko. Orain, Repsolek helegitea aurkeztu dio Eusko Jaurlaritzari, atzera bota dezan Endesaren proiektuaren alde emandako ebazpena.
Bost aerosorgailu eraikitzeko proposamena jasotzen du Endesaren 'Ikatz-Gane' proiektuak, Gipuzkoa eta Nafarroa arteko mugan, 33 megabatioko potentziarekin. Repsolek, berriz, Euskal Herriko parke eoliko haundiena eraiki nahi du bertan, 'Erreka' proiektuarekin: 15 aerosorgailu lirateke, 99 megabatioko potentziarekin. Eremu berean eraiki nahi dituzte biak, Hernani, Arano, Goizueta, Berastegi eta Elduaingo lurretan; eta ez dira bateragarriak.
Horren guztiaren berri emateko, hitzaldia eskainiko du Urumeako Mendiak Bizirik herri ekimenak, ostegun honetan, Donostian: Okendo kultur etxean izango da, arratsaldeko 19:00etan hasita. Bertan, ekimena aurkeztuko dute aurrena, Aranoko, Goizuetako eta Hernaniko bizilagunek sortu berri dutena; eta Urumeako mendietan eraiki nahi dituzten proiektu eolikoei buruzko informazioa eskainiko dute ondoren.
Repsolen 15 aerosorgailuen kokalekua, argitara
'Erreka' proiektuaren harira, Nafarroako Gobernuak Aranoko eta Goizuetako udalei helarazi die bertan egingo duten prospekzio arkeologikoaren txostena. Horretan jasotako informazioa azaleratu du Urumeako Mendiak Bizirik ekimenak, eta argitara eman du non kokatuko liratekeen Repsolen 15 aerosorgailu horiek, Aranoko inguruetan.
Horren arabera, Leunetako eta Arriurdingaingo lerroan eraikiko lirateke bost aerosorgailu; Ertzalatik Garagartzara eta Eziora dijoazen lerroetan beste zazpi aerosorgailu; eta Azketa eta Zaburu azpiko inguruetan (Ereñotzu aldera) azkeneko hirurak. Zehazki, honela izendatu ditu 15 aerosorgailuak herri ekimenak, kokalekua identifikatzeko: Etxolaberri (Gibraltar), Pagalegi, Euntzingo lepo gaina, Larregi, Garagartza I, Garagartza II, Antxistako Harria, Esteiza, Esteizako Puntako lepoa, Etzala-azpi, Abadekurutz-azpi, Leuneta, Errekaleku, Ontzorroko gaina (Errekalekuko bide azpian), eta Burninburu.
27,54 kilometroko sarbidea Besabitik, eta 21 kilometroko ebakuazio-linea Arkalera
Era berean, proiektuan jasotakoaren arabera, parke eolikora iristeko 27,54 kilometroko sarbidea eraikiko lukete Besabitik, sei metroko zabalerarekin. Eta energia ateratzeko, ebakuazio-linea bat ere egingo lukete airetik, 21,063 kilometroko luzera eta 68 dorre izango lituzkeena, San Migel Soron izango lukeen azpiestazio elektrikotik, Oiartzungo Arkaleko estazioraino, Arano, Hernani, Urnieta, Astigarraga, Errenteria eta Oiartzungo lurretan barrena. Ikusgai dago 'kronika.eus' webgunean, albiste honekin batera, Urumeako Mendiak Bizirik herri ekimenak osatu duen planoa, txostenean jasotako koordenadak baliatuz.
«Hori guztia kontuan hartuta, bistan da proiektu honek kalte larriak eragiten dituela natura eta giza ingurumenean. Lurraldeari eraso egiten dioten eta energiaren kudeaketa lokalagoa eta komunitarioa bultzatzearekin bateraezinak diren makroproiektuen ereduaren adibide argi bat da hau», adierazi du Urumeako Mendiak Bizirikek.
Horregatik, osteguneko solasaldian parte hartzeko gonbitea luzatu diete herritar guztiei. Satorralaia, Eguzki, Haritzalde eta Ekologistak Martxan taldeek antolatu dute saioa.
'Vidas irrenovables' dokumentala bihar Donostian, gaiarekin lotutakoa
Gainera, Donostian bertan, gaiarekin lotutako beste hitzordu bat jarri dute bihar arratsalderako, Hondarpe Auzo Elkarteak antolatuta: 'Vidas irrenovables' dokumentala jarriko dute Groseko Trueba zine aretoan, 19:15etan hasita; eta Francisco Jose Vaquero zuzendariarekin solasaldia egingo dute ondoren. Dokumentalak erakusten du «energia berriztagarrien industriaren hedapena nola ari den suntsitzen ekosistemak, ekonomiak eta landa eremuko gizarteak Espainian». Era berean, jasotzen ditu «mehatxu horren aurka hainbat lurraldetan mobilizatu diren kolektiboen eta pertsonen esperientziak». Doakoa izango da sarrera.