«Akordio batera iritsi arte greban jarraituko dugu, guk markatuko ditugu denborak»

Kronika - Erredakzioa 2025ko ots. 22a, 00:00

Leticia Garcia eta Raul Redín, Kronikako elkarrizketa egunean.

Vocento taldeak Zamudion (Bizkaia) daukan errotatibako langileak greba mugagabean daude arazoaren 3tik. Comercial Gráfico (Comeco) enpresarentzat egiten dute lan eta lantegi horretan inprimatzen dituzte, besteak beste, El Correo, Diario Vasco edota Mundo Deportivo egunkariak. 129 langileko plantillan 57 behargin kaleratu ditu enpresak, urriaren 22an aurkeztutako ERE baten ostean. Leticia Garcia eta Raul Redínekin hitz egin du Kronikak, ELAko delegatua eta afiliatua, euren lankideen ordezkaritzan. 

 

Leticia Garcia hernaniarra da eta 18 urte daramatza Comecorentzat lanean. Gaur gaurkoz enpresan lanean jarraitzen du, eta enpresa batzordean gehiengoa duen ELA sindikatuko delegatua ere bada. Raul Redín ELAko afiliatua da, Astigarragakoa da eta 20 urte baina gehiago daramatza enpresan lanean. Redín izan da Vocento taldeak kaleratu duen langileetako bat.

Langile askok 20 urte baina gehiago daramatzazue Comecon lanean

Raul Redín: Bai, halaxe da, nik 20 urte egin ditut enpresan lanean eta Leticiak 18 urte inguru daramatza. Baina badaude 30 urte Comecon lanean egon direnak ere. Lehen Donostian egiten genuen lan, han zegoen Diario Vasco, baina itxi egin zuten errotatiba hura eta Bilbora eraman gintuzten orduan. Guri, bertan jubilatuko ginenaren ametsa lapurtu digute, 5 urte daramatzagu han, eta 130 langile inguruk osatzen dugu plantilla. 

Langile gehienak Astigarraga, Hernani eta Urnieta ingurukoak zarete, ezta?

R: Bai, bertan lan egiten dugun gehienok hemen ingurukoak gara, asko Astigarraga, Hernani eta Urnietatik gatoz egunero lanera. Hernaniko jende asko pasa da errotatibatik, Donostian baitzegoen lehen.

Urriaren 22an aurkezten du EREa enpresak, hasiera batean 70 langileri eragingo ziona, baina segituan 57ra jaisten da kopuru hau. Horren aurrean, zein da zuen erantzuna?

Leticia Garcia: Hasieratik pentsatu dugu neurriz kanpokoa zela erabakia eta ez zegoela benetako arrazoirik hainbeste jenderen ERE bat egiteko. Paperezko prentsaren negozioa gero eta txikiagoa dela ulertzen dugu, baina berdin lan egiten dugula ere ulertzen dugu. Ni neu lan komertzialekin aritu naiz uda osoan, baina, noski, iraila iristen da, eta bat-batean, magiaz bezala, ‘lanik ez da iristen’. Lana deslokalizatu dute eta Madrilera eraman dute. 

R: Jakin bagenekien, halaber, duela bi urte hamahiru milioi euroko dibidenduak banatu zituztela, eta iaz, berriz, bost milioi eta erdi eurokoak. Dena erabat kontraesankorra da.

Enpresak negoziatzeko prestutasuna izan du?

R: Bai, negoziatu nahi izan dute, baina guk planteatzen genuen borondatezko kaleratzeak izan behar zirela, eta enpresak ez du hortik pasatu nahi izan.

L: Enpresaren jarrera nahiko harroputza izan da, azken finean, Vocento taldea da, oso talde haundia eta indartsua.

R: Gainera, egin genuen azken bileran, gure eskaerak adostuko zirela zirudienean, ELAri kaleratuak izateko prest zeuden langileen zerrenda bat eskatu zioten. ELAk 42 langilek osatutako lista bat aurkeztu zuen, eta azken momentuan, ez dakigu zehazki zergatik, zerrenda baztertu eta atzera bota zuten. Eta hori gutxi balitz, Rajoyren gobernuarekin onartutako azken lege atzerakoienetan babestutako kaleratzeen zerrenda desberdin bat exekutatu zuten, 12/20 legearekin.

Abenduaren 23an jaso zenuten kaleratuak izango zirenen lista ofiziala

R: Kaleratuen zerrenda jakitera joan ginenean, neurriz kanpoko ertzain talde bat aurkitu genuen. Gainera, gure aurka kargatzeko mehatxua egiten ziguten, esanez: «Ez dugu kargatu nahi, badakigu langileak zaretela, ez gaizkileak, baina ez dugu kargatu nahi». Ez gara inoiz talde gatazkatsua izan, 'flipatuta' ginen. Kaleratze-gutunen bila joan ginenean ere, enpresa barruan ertzainen furgonetak zeuden berriro. Horrek asko sumindu gaitu.

L: Eguberri bezperetan, abenduaren 23an, kaltetuen zerrenda eman zuten eta abenduaren 30ean kaleratze gutuna jaso zuten kaltetuek. 15 eguneko abisua ez betetzeagatik kalte-ordain txiki bat jaso zuten, eta kitto.

Enpresak fede txarrez jokatu duela diozue

R: Enpresa jendeari deika aritu da telefono bidez, une oro zirikatzen, gure artean zatitu gaitezen. Gure proposamen guztiak baztertu dituzte, eta orain epaiketaren zain gaude.

Zergatik eraman duzue auzitara Vocento taldea?

Vocento taldea epaitegietara eraman dugu grebak iraun duen bitartean bultzatu duen lan-eskirolagatik. Greban ginen bitartean egunkariak hemendik kanpo inprimatu dituzte hainbatetan, Burgos eta Nafarroako lantegietan, gure lana legez kanpo ordezkatuz. Zentro horietako lan-txandak aldatu behar izan dituzte hemengo egunkariak atera ahal izateko. Horrez gain, kolektibo zaurgarrienetako jendea kaleratu dutela ere salatu dugu. Tratu txarrak jasan dituzten emakumeez ari gara, edota desgaitasuna duten langileez, eta badakigu enplegu-erregulazioko espediente batekin ezin dela horrelako jendea kaleratu.

Azaroan hasi zenuten greba mugagabea, nola hartzen duzue erabaki hau?

R: Greba azaroaren 3an hasi genuen, Bizkaiko arte grafikoetako hitzarmenaren negoziaketarekin batera. Horrela, gure grebarekin jarraitu genuen azaroaren 6tik aurrera, kaleratzeak salatzeko. 

L: Asanblada orokorra deitu eta langile guztiak bildu genituen. Gure proposamena greba mugagabea egitea zen; CCOOk, aldiz, greba asteburuetan bakarrik egitea proposatu zuen. Azkenean, ELAk greba mugagabea deitu zuen eta, orain, 5 hilabete daramatzagu greban. Hala ere, epaitegietan bi demanda daude zabalik, bata ELArena eta bestea CCOOena.

Zer lortu nahi duzue grebarekin?

R: Lehenik eta behin, kaleratuak berriz lanera bueltatzea eskatzen dugu. Ondoren, borondatezko irteerak adosteko prest agertzen gara, eskuz bereizi gabeak. Akordio bat nahi dugu borondatezko kaleratzeak adosteko.

L: Enpresan langile zaharrak, helduak eta gazteak gaude. 2 txandako lana ez da aspaldidanik egiten, gaur egun gaueko txanda besterik ez dugu. Enpresa honetan bere bizitza laborala egin duen 50 urteko langilea nora joango da kaleratua izan ondoren? 

R: Enpresak 2028ra arteko bideragarritasun plan bat aurkeztu zuen, baina uste dugu 2028an lan zentro hau ixteko asmoa dutela. 

Kaleratuen zerrenda enpresak berak osatu du orduan

L: Bai, eta ez da zerrenda garbia izan. 

R: Guk uste dugu hainbat kasutan jazarpen sindikala egon dela. Baina zaila da frogatzeko.

Enpresak EREa exekutatzeko irabazi-galerak eskusatzen ditu?

R: Hori da. Galerak izan direlako diote, baina Vocentok 13 milioi euro baino gehiagoko irabaziak izan zituen 2023an. Guk salatzen duguna zera da, hemengo lana beste errotatibetara bidaltzen ari direla, adibidez, Madrilen duten errotatibara. Guk uste dugu lantegia itxi nahi dutela, jende guztia kaleratuz, orain kolpe handi bat emanez eta 2028an amaituz. 

L: Hori da sindikatuan esaten duguna, nola da posible mundu guztiak irabaziak izatea, eta guk, lan bera eginez, galerak.

R: Bestalde, jarri dituzten aitzakiekin, Euskadiko enpresa guztiak itxi litezke: Ukrainako gerra, argiaren prezioa... Langileok badakigu betiko eskusa berberak dituztela.

Grebaren ondorioz zein da gaur egungo egoera?

R: Egia da plantillaren erdiak lanean jarraitzen duela, baina ez dira iristen lehenagoko lan guztiak egitera. Orain Diario Vasco, Correo eta beste egunkari batzuk inprimatzen jarraitzen dute, baina badira oraindik botatzen ez diren bizpahiru egunkari.

L: Akordio batera iritsi arte ELAko afiliatu guztiok greban jarraituko dugu, denborak guk markatuko ditugu. Epaiketa laster izango dela aurreikusten dugu, eta  oraindik datarik ez dugun arren, honezkero epailea izendatuta dago. 

Vocento taldeko gainontzeko langileen babesa jaso duzue?

R: Ez bereziki. Egia da, Diario Vascoko enpresa batzordearen babesa jaso dugula, baina ez dugu beste enpresen berririk izan 5 hilabete hauetan. Greban zehar protesta ezberdinak burutu ditugu. Haietako bat akziodunen batzarrean izan zen, Vocentoko CEO berriaren aurrean egon ginen. Gizon honek 500.000€ko soldata finkoa du eta soldata hau bikoiztu dezake taldearen emaitzak onak badira, hau da, kaleratzeekin. Haren aurrean egon ginen taldera ongi etorria emateko.

Vocento taldeak komunikabide indartsuak kontrolatzen ditu, nola eragin du honek langileen borroka prozesuan?

R: Vocento taldeak komunikabide gehienetan duen boterea izugarria da. Etengabe ibili gara informazioa zabaltzen hilabete guzti hauetan, komunikabide askotara idatzi dugu, eta erantzunik ez. Aurrerakoiak eta ezkertiarrak zirela uste genuen batzuk ere bizkarra eman digute. EITBn kontzentratu gara behin baina gehiagotan, baina ikusgarriena Txotx denboraldiaren aurkezpen egunekoa izan zen. Komunikabide pila bat elkartu ziren aurkezpenean, eta ahaleginak eta bi egin zituzten gu edonola ezkutatzeko. Gara egunkaria izan da gure komunikatuak argitaratu dituen bakarra. Beldurra dago, beldurra eta agindu argi bat gu isilarazteko. 

L: Pentsa, aurrekoan protestan ari ginela, Diario Vasco-ko irakurle bat hurbildu eta zera esan zigun: «Baina ni harpideduna naiz eta ez dut ezer ere jakin, nola da posible?».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!