Euskaraldia aurten maiatzaren 15etik 25era izango da eta Euskal Herriko belarriprest eta ahobizi guztiei parte hartzeko deia egiten die Euskaraldiak, baina, herritar horiez gain, entitateek ere badute ariketa horretan zeresana eta zeregina.
Hernanin dagoeneko 40 entitatek eman dute izena eta gehiago animatu nahi dira parte-hartzera. Euskaraldia entitateetan nola zabaldu eta landu daitekeen argitu zuten atzo San Telmo museoan. Goiatz Urkijo koordinatzailearen esanetan «jakitun gara oso garrantzitsua dela Euskaraldiak entitateetan duen eraginaz. Eta ez entitateetan bakarrik, bertako kide askorentzat ere entitatea da euskeraz hitz egiteko duten eremu bakarra».
Entitateak aipatzen direnean askotariko eremuak barnebiltzen ditu, izan ere, lantokiak badira entitate, baina baita kirol edo kultur elkarteak, eta denda edo tabernak ere.
Entitateen izen ematea ondorengo estekan egin behar da: https://entitateak.euskaraldia.eus/parte-hartu/.
ENTITATEAK EUSKARALDIAN
Izena ematen duten entitateek egiteko hauek izango dituzte Euskaraldian:
INFORMATU: Belarriprest eta ahobizi rolen inguruko informazioa entitateko kideen artean zabaldu, eta izena ematera animatu, horretarako erraztasunak jarrita.
PRESTATU: Entitateek kideei euskeraren erabilera sustatzeko prestakuntza eskaintzea aztertuko dute, baliabideak izango dituzte webgunean.
EUSKARALDIA IKUSGARRI EGIN: Izena ematen duen entitateak ariketa badatorrela ikusgarri egingo du: espazioak apainduz, ekintzak antolatuz, barne zein kanpo komunikazioan hartutako neurriak edo egingo diren ekintzak jakinaraziz.