Giro epelarekin batera egin du agerraldia San Jose loreak, udaberriaren iragarle

Kronika - Erredakzioa 2025ko ots. 22a, 00:00

Aranondo japoniarra, Hernaniko Lizeaga auzoan, Auzo Plazaren sarreran.

Ohi baino lehenago, hasi da loratzen bailarako bazterretan, bere petalo hori politekin. Aranondoak ere, udaberrian sartu baino hilabete pasatxo lehenago hasi dira edertzen.

 

Hilabete falta da oraindik udaberrian sartzeko; zehazki, 26 egun barru izango dugu urtaro aldaketa, martxoaren 20an. Baina data kontuetatik harago, hasi gara sumatzen udaberriaren etorrera. Dagoeneko egin du agerraldia San Jose loreak, bere kolore hori apal bezain politarekin, bailarako bazterretan.

Ohi baino lehenago loratu da aurten ere, eta dagoeneko jango zituzten bere petalo horiak zenbaitek, udaberriak daukan indarra hartu nahian. Halaxe egiten omen zuten garai batean: San Jose lorea ikusi orduko, aitaren egin eta aleren bat jan. 

Loretan daude beste bi espezie ere, negu bukaerakoak, San Jose lorea bezalaxe basatiak: lilipak (narzisoak, bailaran karnabal lore bezala ere ezagunak), eta txanpon belarrak (ranunculus ficaria).

San Jose loreak elegante, aste honetan bertan Osiñaga inguruan, Buruntza mendia atzean dutela.

 

Era berean, hasi dira edertzen aranondo japoniarrak, bere lore zuri eta arroxekin. Hernaniko Lizeaga auzoan bertan ikusi daitezke hainbat ale, Auzo Plazaren sarreran edota Leokadisti etxearen inguruan, adibidez. Eta kolore arroxarekin jarraituz, gereziondoak noiz loratuko zain gaude orain. Hilabete inguru barru, haien edertasunaz gozatzeko moduan behar genuke Santiomendi bezalako landa eremuetan, baina baita kalean ere. Aski ezaguna da Hernaniko udaletxearen arkupearen kanpoaldean dagoena, bi gereziondo klaseren nahasketa dena, eta alde batean lore arroxak eta bestean txuriak ematen dituena.

Udaberriarekin behar dute loraldian gereziondoek, beste hainbeste arbol, zuhaitz eta landarek bezala. Baina aste honek eman digu aukera, udaberriaren edertasunaren eta goxotasunaren aletxo bat dastatzeko: giro epela, zerua garbi xamar, eta landa eremuak koloreztatzen hasita. Gure ingurunean udaberriaren etorrera sumatu nahi duenak, badauka nora begira jarri.

 

Lilipa, Zikuñagako ermitara igotzeko aldaparen bazterrean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!