«Dena ematera» joango dira gaur arratsaldean Labritera Salaberria eta Gaskue, finalerdietako txartelaren bila

Kronika - Erredakzioa 2025ko ots. 22a, 00:00

Bigarren itzuliko sentsazioak mantendu nahi ditu Salaberriak.

Partidu bakarrera jokatuko dute finalerdietarako pasea, Darioren eta Gabirondoren aurka. Salaberriak nabarmendu du «sasoi onean» iritsi direla fase erabakigarrira.

Kale edo baleko partidua jokatuko du gaur arratsaldean Iker Salaberria goizuetarrak, Gaskuerekin batera, promozio mailako binakakoan. Darioren eta Gabirondoren aurka arituko dira, arratsaldeko 17:15etan hasita, Iruñeko Labrit pelotalekuan.

Lehenengo ligaxkan hirugarren postuan amaitu dute Salaberriak eta Gaskuek, zuzenean sailkatzetik puntu bakarrera geratuta: «Lehenengo itzulia ez zen ona izan, baina bigarrenean 7 partidutik 6 irabaztea lortu genuen, eta sentsazio horiei heldu nahi diegu gaurko partidua jokatzeko», adierazi du Salaberriak.

Goizuetarrak argi dauka gaurko partidua gogorra izango dela, jokoan dagoenagatik batik bat: «Dena partidu bakar batera jokatuko dugu, badakigu tentsio haundiko partidua izango dela, eta gogorra izango da hori. Asko daukagu jokoan bi bikoteek, baina iruditzen zait momentu onean iristen garela partidu honetara. Orain arte ondo jokatzen ari gara, eta dena ematera joango gara Labritera. Espero dugu dena emate horrekin 22ra iristeko aukera izatea».

 

Exposito eta Lizeaga aurrez aurre, biharko jaialdian

Bihar arratsaldean, Eibarko Astelena pelotalekuan, Hodei Exposito eta Ekain Lizeaga arituko dira aurrez aurre. Arangurenekin arituko da Exposito, eta Agirrerekin Lizeaga.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!