Bakardadeak prebenitzeko ‘Adinberri-Hariak' laguntzen deialdian sartu da Astigarraga

Kronika - Erredakzioa 2025ko ots. 21a, 00:00

Astigarragako Udalak, Ados Teatroa, Derechos Humanos a Escena eta Gertu Kulturarekin batera, ‘El Eco’ kultur lana aurkeztuko du.

 

Guztira 12 proiektu izan dira ‘Adinberri-Hariak’ laguntzen deialdiaren onuradunak. Proiektu horietako bat Astigarragako Udalarena da. 800.000 euro dituen deialdi horrek nahi ez diren bakardadeei heltzeko eta horiek prebenitzeko ekimenak bultzatzea du helburu. Esplorazioko hiru proiektuak, lau proiektu esperimentalak eta bost bultzatzaileak Donostian egindako ekitaldi batean aurkeztu dira. Hariakekin, fenomeno horren aurrean Gipuzkoak duen estrategiarekin, erlazionatutako ehundik gora pertsona bertaratu ziren aurkezpenera.

Astigarragako Udalaren proiektua lankidetzan oinarritutako kultur sorkuntza bat da. Bakardade horren aurrean eraldatzeko eta sentsibilizatzeko tresna gisa erabiliko da Ados Teatroaren, Derechos Humanos a Escena eta Gertu Kulturarekin batera, El Eco izeneko sorkuntza.

 

Hernanik denbora darama arlo horretan lanean

Nahi ez diren bakardadeei buruzko laguntza monografikoen lehen deialdiaren proiektu onuradunak Hariaken I. Jarduketa Planean (2022-2027) sartuko dira, eta «nahi ez diren bakardadeak prebenitzeko eta horiei heltzeko etorkizuneko tokiko ekosistemen enbrioi potentzialak» dira. Beraz, «mendebaldeko herrialdeetan gero eta zabalagoa den errealitate horri helduz politika publikoak zentratu behar dituen lurralde ekosistema osoari lagunduko diote», defendatu du ekitaldi honetan Maite Peña Zainketetako eta Gizarte Politiketako diputatuak. Une honetan Gipuzkoan zazpi herri (Elgoibar, Errenteria, Hernani, Lizartza, Pasaia, Oiartzun eta Zestoa) arlo horretan ari dira lanean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!