Euskal Herriko Torturatuen sarea sortu dute bailarako hainbat torturaturekin

Kronika - Erredakzioa 2025ko ots. 21a, 00:00

Agurtzane Juanenak eta Iker Morenok hitz egin zuten 900 torturatuen izenean.

Pasa den larunbatean Kursaalen aurkeztu zuten eta mugimendu honek pertsona horiek guztiak elkartu nahi ditu, babesgune izateko.

 

Euskal Herriko Torturatuen Sarea aurkeztu zuten pasa den larunbatean ofizialki Donostian, Kursaalean egin zuten ekitaldian. Bertan izan ziren Urumea bailarako hainbat torturatu. Orain arte hainbat kolektibotan banatuta zeuden torturaren biktimak, eta mugimendu honek pertsona horiek guztiak elkartu nahi ditu, babesgune izateko, batetik, eta oraindik ere «beldurragatik isilik dauden biktimei» euren kontakizuna argitara ateratzeko bilgune segurua emateko, bestetik.

Euskal Herrian torturak izan duen tamaina «ez da bere osotasunean ezagutzen», azpimarratu zuten Donostian bildutakoek, eta torturak sufritu dituztenei sarera batzeko deia egin zieten.

Azken sei hamarkadetan «indar polizialen esku pairatutakoa» ezin dela ahaztu ohartarazi zuten Agurtzane Juanena Alustizak eta Iker Moreno Ibañezek, Kursaalen bildutako 900 lagunen izenean hitz eginez, eta torturaren biktima guztientzat «aitortza eta erreparazio ofizialerako baliabideak» eskatu zituzten.

«Askoz gehiago daudela jakin arren, 5.000tik gora dira Kriminologiaren Euskal Institutuak egindako torturaren ikerketa zientifiko, independente eta profesionalaren bidez argitara ateratako kasuak Euskal Herrian. (…) Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari, Euskal Herriko bi erakunde gorenei, eskatzen diegu aitortza eta erreparazio ofizialerako mekanismoak garatzeko, gure kasu konkretuekin egin bezala, torturaren errealitatea osatzen duten 1960tik 2014ra bitarte jasotako milaka kasu guztientzako», adierazi zuten bozeramaileek.

«Erantzukizun publikoak onartzeko garaia da»

Horri lotuta, erantzukizun publikoak onartzeko garaia dela adierazi zuten, «torturaren aplikazioa Euskal Herrian sistematikoa izan delako, metodo krudel eta lazgarri hori erabat operatibo egon den egitura oso baten babespean gauzatu eta justifikatu ahal izan delako, eta erantzuleak Espainiako Estatuko Segurtasun Indarretatik haratago daudelako. Torturaren aplikazioan epaileek parte hartu baitute, mediku forentseek, hedabideek, hainbat indar politikok… eta erantzukizun hori publikoki onartzea ezinbestekotzat jotzen dugu torturatuen aitortza eta erreparazioaren bidean aurrera egiteko”. Ildo horretan, nabarmendu dute badela garaia “gizarteak eta erakundeek min hori aitor dezaten, herri honek aurrera egin ahal izateko egia osoaren eta justiziaren bidean».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!