Jaialdi polita izango da gaur arratsaldean, Astigarragako Txomiñene frontoian: Gipuzkoako zazpi barruko finalak jokatuko dituzte, banaka, mutil nagusietan. Izan ere, bietan ariko da herriko palistarik. Lehenengo mailako finalean, Ganix Urdangarinek jokatuko du, Beotibar taldeko Arregiren kontra. Eta bigarren mailakoan, Axier Luluaga ariko da txapelaren lehian, Zubiriaren kontra, Beotibar taldekoa hori ere.
Arratsaldeko 17:00etan hasiko da jaialdia: bigarren mailakoa jokatuko da aurrena, eta lehenengo mailakoa ondoren. Herrikideen animorik ez dute faltako bi palista astigartarrek, txapelak etxean geratu daitezen.
Jardunaldi erabakigarria, Euskal Herriko Irekian
Bestalde, ligaxkako azkeneko jardunaldia jokatuko dute asteburu honetan, Euskal Herriko Irekian, lehenengo mailan. A multzoan, garaipena lortu beharra daukate Hernaniko Ane Kerejetak eta Nahia Eizmendik, semifinaletara sailkatzeko. Elorrion ariko dira gaur, arratsaldeko 16:30etan hasita, bertako bikotearen kontra. Multzoko liderra da Elorrio, eta hirugarren dago Hernani.
B multzoan, berriz, lehenengo postuan daude Enara Macicior hernaniarra eta Erreka taldeko Alava, baina ez daukate deskuidatzeko aukerarik, aurrera egin nahi badute. Beotibar taldearen kontra ariko dira gaur, Gasteizko Abetxuko frontoian, arratsaldeko 16:00etan.