Azken jardunaldietako hiru porroten ondoren, bolada txarra eteteko asmoz zelairatuko dira gaur Hernaniko Euskal Ligako neskak. Etxean jokatuko dute Bizkeneskak taldearen aurka, arratsaldeko 17:30etatik aurrera.
Faktore asko tarteko, azken partiduetan Hernanik ez du bere mailarik onena erakusterik izan. Basauriko Kimuen aurka, esaterako, lehenengo minutuetan jaso zuen lehenengo gola, eta ezin izan zuten markagailua irauli. Gaurkoan hasieratik jokoa kontrolpean izan nahi du Hernanik, hiru puntuak Zubipen mantentzeko.
Sailkapenari erreparatuta, aurkari ahulagoa izango da gaurkoa. 17garren postuan daude bizkaitarrak, eta 22 jardunalditan 3 garaipen bakarrik eskuratu dituzte.
Ohorezko Erregional mailako gizonezkoen taldeak Mutrikun jokatuko du bihar. Sailkapeneko beheko postuetatik urruntzeko ezinbesteko partidua izango da, eta hiru puntuak eskuratzeak asko onduko luke aurreko astean lortutako puntua.
Mutriku sailkapeneko erdialdean dago, eta orain arte etxean ez du partidu bakar bat ere galdu. Joaneko partiduan 2-1 irabaztea lortu zuen Hernanik.
Bigarren aukera etxean, Mundarrorentzat
Aurreko asteko porrot mingarria ahaztu nahi du Mundarrok, eta etxean izango du hori egiteko aukera. Bigarren jardunaldiz jarraian, Zarkumendegin jokatuko dute astigartarrek, Amara Berri taldearen aurka.
Aurkari zuzenen arteko partidua izango da gaurkoa, sailkapenean 12garren postuan dago Mundarro, eta 13garrenean Amara Berri.
Garaipena lortuta, zuloa haundituko luke talde astigartarrak.