Andoaingo udaletxean aurkeztu zen asteartean Berria Erremonte Txapelketa 2025. Larunbatean hasiko da txapelketa eta bertan Urumea bailarako bost erremontistek jokatuko dute: Aiestaran anaiek, Zubirik, Arluziagak eta Apezetxeak. Guztira sei bikotek jokatuko dute. Lehenengo fasean hiruko bi taldetan banatuko dira bikoteak eta multzo bakoitzeko bi lehenengoak sailkatuko dira finalaurrekoetara.
Ondorengo bikoteek osatzen dituzte multzoak; A taldea: Arluziaga-Martirena, Irazu-Zubiri eta Susperregi-Apezetxea; B taldea: Goikoetxea V-Goikoetxea VI, Aiestaran VII-Aiestaran VI eta Gurrutxaga-Eskudero.
Larunbatean hasiko da txapelketa
Ligaxka datorren larunbatean, otsailaren 22an, hasiko da ondorengo partiduekin: Arluziaga-Martirena, Susperregi-Apezetxearen aurka, eta Goikoetxea V-Goikoetxea VI, Gurrrutxaga–Eskuderoren kontra. Bigarren jardunaldia martxoaren 1ean jokatuko da, hirugarrena 8an, eta laugarren eta azken jardunaldia martxoaren 15ean.
Talde bakoitzean denek denen aurka jokatuko dute. Set formatuan jokatuko dira partiduak. Lehendabiziko biak 15 tantora jokatuko dira eta hirugarrena behar izanez gero 8 tantora jokatuko da. Bi set irabazten dituen bikoteak lortuko du garaipena.
2-0 irabazten duenak lau puntu batuko ditu, 2-1 irabazten duenak hiru puntu lortuko ditu. 1-2 galduz gero puntua lortuko du bikoteak. 0-2 galduta ez da punturik lortuko eta partidaren amaieran 15 tantora iristen ez denak puntu negatiboa izango du.
Finalerdiak martxoaren 22an eta finala, 29an
A taldeko irabazleak, B taldeko bigarren sailkatuaren aurka jokatuko du finalerdietako bat martxoaren 22an. Egun berean, B taldeko irabazleak A taldeko bigarrenaren aurka jokatuko du bigarrena.
Finala, finalaurrekoen irabazleen artean izango da martxoaren 29an, 15:15etan, eta ETB1ek eskainiko du zuzenean. Pasa den urtean Jabalerak eta Goikoetxea VI.ak jantzi zuten txapela. Gazte eta etorkizuneko erremontarientzat aukera paregabea eskaintzen du Berria Txapelketak.
Andoaindarrek, hernaniarrek bezalaxe, %50eko deskontua izango dute sarreran.