Emakume Langilearen Nazioarte Egunerako 16 egunen faltan, hasi dira motorrak berotzen bailarako mugimendu feministak. Honela, Astigarragako Emakumeon Etxean prestatu dute egitaraua. Martxoaren 8an, 10:00etan, solasaldia izango da, Emakumeak, bidaiatu nahi? galdera hartuta. Eguerdian Vermut feminista musikatuan elkartuko dira eta bazkaria 14:00etan hasiko da. Ondoren bazkalostea girotuko da eta Joseba Barandiran Plazan egingo da elkarretaratzea, 18:00etan. Bazkarirako izena eman behar da Emakumeon Etxean, horretarako azken eguna martxoaren 4a izanik. Norberak bere janaria eraman dezake edo ordaindu 12 euroko menua.
Hernanin ere hasi dira mugitzen. Koordinadora Feministak deitutako manifestazioa eguerdiko 12:00etan abiatuko da A25eko plazatik. Gainera, Hernaniko Bilgune Feministako kideek bazkari feminista antolatu dute egun horretarako, emakumeentzat eta genero-disidenteentzat. Eguerdiko 14:30etan hasiko da bazkaria, printzipioz Tilosetan, baina eguraldi txarra eginez gero, Atsegindegira lekualdatuko lukete bazkaria.
Tiketak 12 eurotan salgai daude dagoeneko, Hernaniko Garin tabernan eta Narama dendan.
Bazkarian menu begetarianoa eskainiko da, hala ere, beganoak direnek eta intolerantziarik dutenek ere aukera edukiko dute, beti ere, txartela erosterako garaian jakinaraziz gero.
Bazkalostean, irrintzi-txapelketa, eta ondoren, festa izango direla ere aurreratu dute Bilguneko kideek. Bestalde, Hernaniko Koordinadoratik manifestazioa egingo dutela ere gogoratu dute.
Itaiak izaera iraultzailea berreskuratu nahi du eta hitzaldia antolatu dute etzirako
Itaiatik, aurtengo martxoaren 8an borrokarako deia egin nahi dute. Hain zuzen, «jatorrizko izaera iraultzailea berreskuratu nahi dugu, kalera ateratzeko unea dela uste dugu». Etzirako 11:30etan hitzaldi bat antolatu dute Biteri Kultur Etxean, aipatutako guztian sakontzeko eta martxoaren 8an mobilizatzearen garrantzia azpimarratzeko.
Honetaz gain, martxoaren 8an 13:00 Gudarien Plazan mobilizazioa egingo dute Matxismoaren aurrean, emakume langileok borrokara! lemapean eta mobilizazio honetan parte hartzera gonbidatzen dituzte herritarrak.
Goiz Eguzkin, babarrun jana
Helduak ere mobilizatuko dira. Beste urtetan bezala, aurten ere Goiz Eguzkin babarrun jana egingo da martxoaren 8an. Edukiera mugatua da, 80 pertsonentzat. Horregatik azkar ibili eta lehenbailehen eman behar da izena. Menuan babarrunak, sakramentuak, ogia, edaria, postrea eta kafea izango dira. Dena 12,50 euroren truke, kontu korrentetik kobratuko direnak.