Joxe Mari Etxebeste nagusi, Ategorrietan

Kronika - Erredakzioa 2025ko ots. 18a, 00:00

Aner Minerrek hirugarren jarraitzen du Lehendakari Txapelketan, lidertzatik brila bakarrera.

Ategorrietan jokatu zuten, igandean, Lehendakari Txapelketako bigarren tiraldia; eta Joxe Mari Etxebeste astigartarra nagusitu zen, 50 brilarekin.

Tiraldi bikaina egin zuen Aner Miner ereñotzuarrak ere, gizonezkoen txapelaren lehian jarraitzeko. 47 brila bota zituen Ategorrietan, eta sailkapeneko hirugarren postuan dago oraindik, lidertzatik brila bakarrera: 93 brila dauzka Roberto Ostolazak, eta 92rekin daude Saigots Iglesias, Aner Miner, Xabier Lazkano eta Joxe Maiz. Aurreneko postutik gertu dago Ibon Miner ere, zazpigarren, 90 brilarekin; eta 10garren postura egin du gora Etxebestek, 89 brilarekin.

Emakumezkoetan, berriz, zazpigarren izan zen Martxeli Kanflanka ereñotzuarra, Ategorrietan. Beatriz Unzue nagusitu zen, 46 brilarekin, eta 29 bota zituen Kanflankak. Hori horrela, zazpigarren postuan dago sailkapen nagusian ere, 56 brilarekin. Unzue bera da lider, 90ekin.

Toka tiraldia ere izan zen Ategorrietan, Gipuzkoako denboraldiko laugarrena. Emakumezkoetan, beste behin, Martxeli Kanflanka izan zen onena, burnia sei bider jota; eta bera da aurrenekoa denboraldiko sailkapenean ere, 22 punturekin.

Gizonezkoetan, berriz, Leandro Miner ereñotzuarra izan zen bailarako onena Ategorrietan: bederatzigarren sailkatu zen, 8 punturekin. Juan Mari Iñurritegik irabazi zuen, beste behin, burnia 18 bider jota. Sailkapen nagusian 10garren dago Leandro Miner, 35 punturekin. Aurreneko postuan berdinduta daude Iñurritegi bera eta Jose Antonio Calvo, 64rekin.

 

Legazpin tiraldia, datorren igandean

Goierri aldean izango dute hurrengo tiraldia, Legazpin, datorren igandean. Bolan, Lehendakari Txapelketako hirugarrena izango da, eta bakarra faltako dute jokatzeko: martxoaren 16an Altzan, bi asteko atsedenaren ondoren. Tokan, berriz, denboraldiko bosgarren tiraldia izango da Legazpikoa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!