Hirugarren izan da Hodei Lujanbio, Zarrakazteluko Larrate Trailen

Kronika - Erredakzioa 2025ko ots. 18a, 00:00

Hodei Lujanbio, Solarekin eta Azpirozekin, Larrate Traileko helmugan.

Denboraldiko aurreneko podiuma lortu zuen goizuetarrak, 21 kilometroko proban.

Igandean jokatu zuten Navartrail Koparen lehenengo lasterketa, Zarrakaztelun; eta denboraldi honetan aurrenekoz igo zen podiumera Hodei Lujanbio goizuetarra: hirugarren sailkatu zen Larrate Traileko 21 kilometroko proban. 1:31:48 denboran osatu zuen ibilbidea, eta soilik Aimar Azpiroz (1:28:26) eta Ion Sola (1:30:31) izan zituen aurretik.

Horrela, bikain ekin dio goizuetarrak txapelaren defentsari: berak irabazi zuen iazko Navartrail Kopa.

Bestalde, Ordiziako Mendi Lasterketa ere jokatu zen igandean bertan. 21 kilometroko proban, 39garren izan zen Asier Zabala astigartarra (1:53:08), eta 49garren Xabier Bastarrarena herrikidea (1:57:55). 14 kilometrokoan, 35garren sailkatu zen Aritz Zuaznabar astigartarra (1:28:53). Eta 8 kilometrokoan, gazteen lasterketan, 12garren izan zen Lur Ocon hernaniarra (43:55).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!