Salaberriak eta Gaskuek larunbatean jokatuko dute semifinaletara pasea

Kronika - Erredakzioa 2025ko ots. 18a, 00:00

Salaberria eta Gaskue, elkarrekin hizketan, aurreko partidu batean.

Asteburu xelebrea izan dute, eta bere partidua jokatu gabe lortu dute ligaxkako hirugarren postua, Gaskuerekin.

Oso modu xelebrean bukatu da Binakako Txapelketaren ligaxka, Iker Salaberriarentzat. Goizuetarrak partidu garrantzitsua zeukan larunbatean Labriten, Andoni Gaskuerekin batera, sailkapenean ahalik eta postu onena lortzeko. Baina aldaketa eta ordezkapen ugari izan ziren asteburuko partiduetan, eta azkenerako, bertan behera geratu zen haien partidua: 22-0eko emaitzarekin eman zieten garaipena, kontrarioek Ugartemendia ordezkatzeko modurik ez zutelako. 

Hori horrela, bere partidua jokatu gabe, hirugarren sailkatu dira Salaberria eta Gaskue, eta seigarren izan direnen kontra jokatuko dute semifinaletara pasea, play offean: Darioren eta Gabirondoren kontra. Datorren larunbatean izango da hori, arratsaldeko 17:15etan hasita, Iruñeko Labriten.

Berearen ordez, lehenengo mailako Binakako partidu bat jokatu zuen Salaberriak, larunbatean Bilbon: Ezkurdiaren ordez aritu zen, Rezustarekin batera; eta 11-22 galdu zuen Urrutikoetxearen eta Mariezkurrenaren kontra.

Ekain Lizeaga astigartarrak, bere aldetik, bi partidu jokatu ditu asteburuan, biak ere Binakakoan, ordezko gisa. Ostiralean Bakaikoarekin jokatu zuen Sestaon, Eskirozen lekua hartuta, eta 22-13 irabazi zuen Egigurenen eta Aldaberen kontra. Igandean, berriz, Larrazabalekin aritu zen Donostian, Salaverriren ordez, eta 9-22 galdu zuen Darioren eta Gabirondoren kontra.

Hodei Expositok ere jokatu zuen partidu bat, larunbatean Labriten: 13-22 galdu zuen Gaskuerekin batera, Agirreren eta Eskirozen kontra.

 

Gurutzealde, Barandiaran, Labaka eta Jara, semifinaletan

Trinketean, bestalde, Gipuzkoa­ko Banakakoaren se­­mi­finaleta­ra sailkatu dira bai­­larako lau pelotari: Oier Gurutzealde, Xabier Barandiaran eta Iñigo Labaka, lehenengo mailan; eta Jon Jara, bigarren mailan.

Multzo banako lider izan dira bi astigartarrak, hiru partiduak irabazita: Barandiaran A multzoan, eta Gurutzealde B multzoan. Labakak, berriz, A multzoko bigarren postua lortu du, Barandiaranen kontra galdu arren (40-19). Izan ere, porrota jaso zuen Unax Manterola hernaniarrak ere, Behar Zanako Urruzolaren kontra (38-40).

Hori horrela, Gurutzealde eta Labaka elkarren kontra ariko dira semifinaletan; eta Barandiaranek Epleko Taberna izango du aurrez aurre.

Bigarren mailan, berriz, Jarak pasea eta B multzoko aurreneko postua ziurtatu ditu, azkeneko jardunaldiaren faltan. Jokatutako lau partiduak irabazi ditu hernaniarrak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!