Euskal Dantzarien Biltzarrak Gazteen Dantza Topaketaren hirugarren edizioa antolatu du. Euskal Herri osoko dantzariak bilduko dira Seguran, eta bertan parte hartzeko izenematea zabalik dago.
Topaketak dantza tradizionalaren belaunaldien arteko erreleboaz hausnartzeko espazioa izan nahi du, baina komunitate sentimendua indartzeko asmoa ere badago.
Ekainaren 27tik 29ra bitarteko asteburuan egingo dira topaketak, 15 eta 25 urte bitarteko ehun gazte baino gehiagok hartuko dute parte, eta «dantzetarako, hausnarketarako, esperientzien trukerako eta kultur jardueretarako lekua» egongo dela azaldu dute antolatzaileek.
Topaketetan izena emateko aukera otsailaren 24tik
Topaketetan parte hartu nahi dutenek, aukera edukiko dute otsailaren 24tik martxoaren 21era bitarte. Bestalde, Topaketen inguruan xehetasun gehiago jakiteko, gaur, otsailak 18 arratsaldeko 20:30etan online-eko informazio saio bat eskainiko da, ekitaldiaren funtzionamendua azaltzeko eta zalantzak argitzeko, honako estekan: https://bit.ly/infosaioa. Hala ere, Topaketen webgune ofizialean ere, ekitaldiaren inguruko informazio gehiago aurkitu daiteke: www.gazteendantzatopaketa.eus.