Asteburu kaxkarra izan da bailarako futbol talde nagusientzat. Hernaniko Ohorezko Erregional mailako taldeak bakarrik lortu zuen puntu bat, eta porrota jaso zuten Euskal Ligako neskek eta Mundarrok.
Hernani 2-2 Real Unión
Aurkari gogor baten bisita jaso zuen Hernanik larunbatean, eta puntutxo bat lortzeko aukera izan zuen taldeak. Real Unionen aurka 2-2 berdindu zuen Zubipen, eta pasa den asteko garaipenari jarraipena emateko balio izan dio taldeari.
Atsedenaldira 0-0 joanda, bigarren zatian iritsi ziren partiduko lau golak. Hernanirena izan zen lehenengoa, Ibai Ezeizak sartu zuen gola, baina irundarrek markagailua iraultzea lortu zuten segidan sartutako bi golekin. 75. minutuan Xabat Etxandik sartutako golarekin lortu zuen berdinketa etxeko taldeak.
16garren postuan dago Hernani eta behetik gorako bidea egin nahi du azken txanpan. Asteburu honetan Mutrikuren aurka jokatuko du, etxetik kanpo.
Basauriko Kim. 2-0 Hernani
Norgehiagoka segituan jarri zitzaion aldapan gora Hernaniko Euskal Ligako nesken taldeari. Basauriko Kimuek 10. minutuan sartu zuten lehenengo gola, eta kolpe hori gutxi balitz, atsedenaldira iritsi baino bi minutu lehenago sartu zuten bigarrena. Bigarren zatian aldeari ondo eustea lortu zuten bizkaitarrek, eta eskuhutsik itzuli zen Hernani.
Asteburu honetan Zubipera itzuliko dira neskak, eta Bizkeneskak taldearen aurka jokatuko dute. Hernani gorago dago sailkapenean, eta irabazteko faborito argia izango da.
Mundarro 0-1 Touring
Kolpe gogorra jaso zuen Mundarrok Touringen aurkako norgehiagokan. Partidu berdindua izan zen, eta berdinketa hautsi ezinik ibili ziren jokalariak denbora osoan. Azken minutuan, ordea, errenteriarrek gola sartzea lortu zuten, eta punturik gabe utzi zituzten astigartarrak.
Bi porrot jarraian kateatu ditu Mundarrok, eta sailkapenaren behealdean dagoen Amara Berriren aurka jokatuko du asteburu honetan.