Mailari eusteko borrokan, Urretxun eta Donostian zita gaur Mundarrok

Kronika - Erredakzioa 2025ko ots. 15a, 00:00

Goierri Aldaparen kantxan jokatuko dute Mundarroko neskek.

Goierri Aldaparen kantxan ariko dira lehenengo mailako neskak, eta Saski Axularrenean mutilak.

 

Mailari eusteko lehian daude Mundarroko bi talde nagusiak, Gipuzkoako lehenengo mailan. Neskak zortzigarren daude, 12 talderen artean, eta oraingoz bi garaipeneko tartea daukate azkeneko bi taldeekin. Edonola ere, garaipenak pilatzen jarraitu beharra daukate, jaitsieraren mamuak uxatzeko. 

Bide horretan, zita konplikatua daukate gaur, Urretxun: Goierri Aldapa izango dute kontrario, bigarren sailkatua, 16:00etan Aldiri kiroldegian.

Mutilek, berriz, bigarren fasea hasiko dute gaur, eta jaitsiera saihesteko lehian arituko dira, beste zazpi talderekin. Aurreko faseko emaitzak kontuan hartuta, hirugarren daude astigartarrak, baina ez daukate erlaxatzeko aukerarik. Gainera, partidu gogorra daukate aurrenekoa, Saski Axularren kontra. Donostiako Benta Berrin izango da hori, gaur arratsaldeko 16:00etan. Multzoko lider ekingo dio fase honi Saski Axularrek.

 

Hernanik, 1go mailarako igoera fasea datorren astetik

Igogailuaren beste aldean dago zain Hernani, mutilen bigarren mailan. Joan den asteburuan ziurtatu zuen igoera faserako txartela, Errenterian, Oiarsori 66-79 irabazita.

Datorren astean hasiko dute igoera fasea, eta oso toki onean ekingo diote hernaniarrek: multzoko bigarren dira, aurreko faseko emaitzak kontutan hartuta. Lau onenen artean daukate sailkatu beharra, igoerako final fourra jokatzeko. 

Urretxun jokatuko dute estreinako partidua, datorren ostiralean, Goierriren kontra. 20:00etan daukate hitzordua, Aldiri kiroldegian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!