Garaipen inportanteari etxean eman nahi diote segida Hernaniko mutilek

Kronika - Erredakzioa 2025ko ots. 15a, 00:00

Zubipen jokatuko dute gaur Ohorezko Erregionaleko mutilek.

Elgoibarren irabazi ondoren, Real Union menderatu nahi dute berdeek, gaur 16:00etan Zubipen.

 

Oso partidu garrantzitsuan eman zion bukaera Hernanik bolada zailari, mutilen Ohorezko Erregionalean. Elgoibarren irabazi zuten aurreko larunbatean, Hugo Polok 94an sartutako golarekin (0-1); eta horri esker, azkeneko bi taldeak urruntzea ez ezik, elgoibartarrengana gerturatzea ere lortu dute, puntu bakarrera.

Garaipen horri segida emateko aukera daukate gaur, etxean, Real Union indartsuaren kontra. Arratsaldeko 16:00etan hasiko da partidua Zubipen, eta konpromiso gogorra daukate berdeek, ligako laugarren sailkatua baita talde irundarra.

 

Euskal Ligako neskak Basaurin, gaur arratsaldean

Alderantzizkoa izan zen aurreko asteburua, nesken Euskal Ligako hernaniarrentzat: porrot gogorra jaso zuten etxean, Zarautzen kontra (0-2). Horri buelta emateko asmoz, Basaurira joango dira gaur arratsaldean: Artunduagan jokatuko dute 18:30etan, Basauriko Kimuak taldearen kontra. Aurkari zuzena dute, sailkapenean puntu bat gehiagorekin dagoena, zazpigarren postuan. Hernaniarrak zortzigarren dira, 34 punturekin, azkeneko bi partiduak galdu ondoren.

 

Mundarroko mutilak etxean, kolpe gogorra ahazteko

Kolpe gogorra jaso zuen Mundarrok ere, aurreko asteburuan, mutilen Erregional Preferentean: 5-0 galdu zuen Lasarte-Orian, Ostadarren kontra. Hori ahazten saiatuko dira gaur, zaleen aurrean: Touringen kontra jokatuko dute Zarkumendegin, arratsaldeko 16:00etan hasita. Bigarren garaipena segidan lortu nahi dute etxean, baina ez daukate edonolako kontrarioa: aurreneko postuen lehian murgilduta dago talde errenteriarra, bosgarren.

Edozein kasutan, Zarkumendegin kontrario zailenak ere mendean hartzeko gai direla erakutsia dute moreek, eta horretan saiatuko dira berriro.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!