Oso denboraldi aldrebesa izan da aurtengoa, pistako txirrindularientzat. Gipuzkoako txirrindularitzak bizi izan dituen tira-birak eta eztabaidak tarteko, ez da pistako probarik jokatu orain arte, eta entrenamenduetara mugatu behar izan dute euren jarduna belodromoan.
Arazoari konponbidea eman diotela dirudi, eta behintzat, pistako Gipuzkoako Txapelketa jokatzeko moduan izango dira, denboraldia amaitu aurretik. Bihar bertan izango da hori, Donostiako belodromoan, goizeko 09:30etan hasita.
Kadete eta jubenil mailako txirrindulariak ariko dira lehian, eta bost proba ezberdin jokatuko dituzte: taldekako abiadura, danesa, scratch, keirin eta puntuazioa.
Ez da faltako bailarako txirrindularirik, biharko txapelketa horretan. Izan ere, mutil jubeniletan, hainbat probatan hartuko dute parte Aimar Capdequi astigartarrak eta Unai Hernandez hernaniarrak.
Datorren astean hasiko da errepideko denboraldia
Arazoak eta tira-birak konponduta, errepideko denboraldia hasieratik izango da jokatzeko moduan, Gipuzkoan. Hori horrela, Zumaiako Sariarekin ekingo diote afizionatu mailako mutilek, datorren asteburuan bertan. Larunbatean jokatuko dute, goizeko 10:00etan hasita, 114 kilometroko ibilbidearekin. Ohikoan, txirrindulari azkarrenek jokatzen dute garaipena sprintean, Zumaiako helmugan.
Era berean, datorren asteburuan ekingo diote maila guztietako neskek ere: Errenteriako Ane Santesteban Saria jokatuko dute igandean, goizeko 10:00etatik aurrera. Ordu horretan hasiko da kadeteen proba, 34 kilometrokoa; eta 11:30etan junior, sub23 eta eliteena, 65,8 kilometroko ibilbidearekin.