Joan den asteburuan ekin zioten Lehendakari Txapelketari, bailarako bolariek. Belauntzan jokatu zuten aurreneko tiraldia, eta oso fin aritu zen Aner Miner ereñotzuarra. Hirugarren izan zen gizonezkoetan, 45 brila botata. Brila bakarrera izan zituen aurreneko biak, Roberto Ostolaza eta Saigots Iglesias.
Onenen artean izan zen Ibon Miner ereñotzuarra ere, zazpigarren, 44 brilarekin. Baina urrutiago geratu ziren bailarako gainerako bolariak: Fermin Zuloaga hernaniarra 21garren izan zen, 39 brilarekin; eta berak adina bota zituen Joxe Mari Etxebeste astigartarrak, 23garren. Gainerakoak ez ziren sailkatu aurreneko 30en artean: Fernando Gallego (36 brila), Mikel Arroio (36), Leandro Miner (31) eta Patxi Loreak (30).
Emakumezkoetan, berriz, Martxeli Kanflanka ereñotzuarrak eta Rosa Santos astigartarrak ezin izan zuten aurrenekoetatik gertu ibili. Kanflanka zazpigarren izan zen, 27 brilarekin; eta Santos zortzigarren, 26rekin. Beatriz Unzue irabazleak 44 brila bota zituen.
Bihar izango dute Lehendakari Txapelketaren bigarren tiraldia, Ategorrietan.
Toka tiraldian laugarren, Leandro Miner
Bestalde, toka tiraldia ere izan zen Belauntzan, aurreko igandean; eta laugarren izan zen Leandro Miner ereñotzuarra, burnia 16 bider jota. Roberto Ostolazak irabazi zuen, 19rekin. Gainera, emakumezkoen artean onena izan zen Martxeli Kanflanka, 7 punturekin, Rosa Santosen (6) aurretik.