Indartsu ekin diote mendi lasterketen denboraldiari, bailarako korrikalariek

Kronika - Erredakzioa 2025ko ots. 15a, 00:00

Uharten, Zestoan, Garinen eta Berastegin aritu dira aurreko asteburuetan, denboraldia hasteko. Emaitza politak pilatu dituzte.

Hasi da mendi lasterketen denboraldia, eta ekin diote lehiari, Urumea bailarako korrikalariek ere. Goiztiarrenek Beasaingo Garin auzoan izan zuten estreinakoa, urtarrilaren 19an. Bertan, 14garren sailkatu zen Aitor Aizkorbe goizuetarra (1:02:31), 13 kilometroko lasterketa explosiboan. Lau astigartar ere aritu ziren Garinen: Sergio De Oliveira 26garren (1:04:48), Xabier Bastarrarena 34garren (1:06:45), Asier Zabala 39garren (1:07:36) eta Joseba Bastarrarena 78garren (1:13:04). Egoitz Peñagarikano hernaniarrak ere osatu zuen proba, 1:21:53 denboran.

Hurrengo igandean ziren bailarako asko debuta egitekoak, Donostiako Herri Ametsa lasterketan; baina bertan behera geratu zen, eguraldiagatik. 

Handik astebetera, Berastegiko Negu Trailen (16 kilometro) aritu ziren beste hainbat. Hiru goizuetar animatu ziren bertara: Hodei Lujanbio bederatzigarren izan zen (1:29:36), Aitor Aizkorbe 16garren (1:32:47), eta Egoitz Zubiri 103garren (1:53:20). Hernaniar asko izan ziren Negu Trailen egin zutenak estreinakoa, eta emakumezkoen artean 13garren sailkatu zen Maddi Ormazabal (2:10:03), eta 21garren Nerea Iraola (2:20:10). Gizonezkoetan, Emaitz Artola 44garren izan zen (1:41:54), Mikel Artola 68garren (1:47:16), Egoitz Peñagarikano 107garren (1:54:04), eta Oskar Gaskon 112garren (1:54:39). Julen Zuaznabar izan zen astigartar bakarra Berastegin, 164garren (2:06:04).

Eta joan den asteburuan, bi probatan izan ziren bailarako ordezkariak. Batetik, Zestoako Kobaz Koba Trailen aritu ziren zenbait. 15 kilometroko proban, esaterako, 16garren postua lortu zuen Pello Alberdi hernaniarrak, 1:27:18 denborarekin; eta 145garren helmugaratu zen Gorka Ronda astigartarra (1:53:25).

Eta bestetik, Uharteko Hiru Herri Trailen hartu zuten parte Mattin Sanzberro hernaniarrak eta Arantxi De la Fuente astigartarrak, 21 kilometroko proban. 83garren helmugaratu zen Sanzberro (2:34:51), ibilbidea Ainhoa Arruti urnietarrarekin batera osatuta. Emakumezkoetan zortzigarren izan zen Arruti. De la Fuente, berriz, 18garren izan zen emakumezkoen artean, 2:55:51 denborarekin.

Asteburu honetan izango dira mendi lasterketa gehiago. Besteak beste, Ordiziako Mendi Lasterketa (21, 14 eta 8 kilometroko probekin); eta Zarrakazteluko Larrate Trail (21, 14 eta 11 kilometroko probak).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!