Euskal Herriko Torturatuen Sareak gaur egingo du aurkezpen publikoa eta beren ibilbidearen hasiera, Donostiako Kursaalen. Batzar eratzailea egingo dute, 10:30etan hasita azkenean, ordubete atzeratu baitute hitzordua.
Orain dela urtebete, otsailaren 13an, Euskal Herriko torturatuak saretzeko asmotan jarri zuten martxan talde-sustatzailea, publikoki. Azken hilabeteetan ere, sarearen sortze prozesuaren baitan, aurkezpen batzarrak egin dituzte eskualde ezberdinetan. Bertan, Nafarroako Torturatuen Sareko esperientzia izan dute oinarri. Talde-sustatzaileko lagunek esku artean duten erronka aurkezteko espazioak izan dira batzarrak, «erronka aurkeztu eta berari eusteko dei egin diegu bertaraturiko pertsona torturatu orori».
Orotara, 700 lagun toturatutik gora bildu dira batzarretan, «guztion artean Euskal Herri mailako prozesuan ekarpena eginez». Baina, saretuak are gehiago izan direla azaldu dute. «Azaleratu gabeko sufrimendu handia dago oraindik ere herri honetan» eta torturak eragindako zauria haundia dela nabarmendu dute sareko kideek. «Horren isla da udazkeneko batzarren testuinguruan ehunaka lagun torturatuek sareari adierazitako atxikimendua eta pizturiko interesa», gaineratu dute.
Sarea ehuntzen joan dela diote «oso modu diskretu eta aktiboan» eta gaur aurkeztuko dute publikoki Donostian. Bere ibilbidearen hasieran izango da, eta tortura jasan duen pertsona oro bertaratzera gonbidatu dituzte «aitortzaren bidean torturatuok elkarrekin egoteko».