Partidu garrantzitsua daukate Salaberriak eta Gaskuek Labriten, postu-dantza erabakigarria izan daiteke eta

Kronika - Erredakzioa 2025ko ots. 15a, 00:00

Asko dute jokoan gaur Salaberriak eta Gaskuek.

Hirugarrenetik seigarrenera, edozein postutan sailkatu daitezke goizuetarra eta ultzamarra oraindik, azkeneko jardunaldian sartuta.

 

Ez da gauza bera laugarren edo bosgarren, bigarren mailako Binakako Txapelketan. Eta postu-dantza horren jolasean bete-betean sartuta daude Iker Salaberria goizuetarra eta Andoni Gaskue ultzamarra, azkeneko partidua falta dutenean. Bihar jokatuko dute, 17:15etan Iruñeko Labriten, eta oraingoan ere Ekain Lizeaga astigartarra izango dute aurrean, Gorka Ugartemendiaren ordez, Asier Agirrerekin batera.

Sailkapenean laugarren dira une honetan, baina oso estu daude kontuak. Hirugarren izan litezke oraindik, bihar irabazita; baina baita seigarren ere, galduz gero. Eta badago koxka postu horien artean, erabakigarria izan daitekeena: hirugarren eta laugarren sailkatzen diren bikoteek, play offean partidu bakarra irabazi beharko dute semifinaletako ligaxkara sailkatzeko; bosgarrenak eta seigarrenak, aldiz, bi partidu.

Ekain Lizeaga ordezko gisa aritu zen atzo gauean ere, Joanes Bakaikoarekin batera. Sestaon jokatu zuen, Julen Egigurenen eta Joseba Aldaberen kontra; eta hiru egunetan bigarren partidua izango du bihar, binakakoan.

 

Semifinaletarako txartelak jokoan, trinketean

Trinketean, bestalde, gaur jokatuko dute ligaxkako azkeneko jardunaldia, Gipuzkoako banakakoan, nagusien lehenengo mailan. Semifinaletarako txartela daukate jokoan Unax Manterola eta Iñigo Labaka hernaniarrek, eta Xabier Barandiaran astigartarrak, A multzoan. Barandiaran da multzoko lider, jokatutako bi partiduak irabazita; eta berdinduta daude bi hernaniarrak, garaipen banarekin. Manterolak Behar Zanako Urruzolaren kontra jokatuko du gaur, 10:30etan Irurako Ametsan; eta ordu eta toki berean ariko dira Labaka ta Barandiaran aurrez aurre.

Oier Gurutzealde astigartarrak, berriz, dagoeneko eskuratu du semifinaletarako pasea. Ostegunean jokatu zuen azkeneko partidua berak, eta 40-37 menderatu zuen Epleko Chiapuso. Horrela, B multzoko lider bukatu du astigartarrak, nagusitasunez, jokatutako hiru partiduak irabazita.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!