Maiatzaren 15etik 25era izango da Euskaraldiaren laugarren edizioa, eta euskalgintzako eragileak prestaketa lanetan ari dira burubelarri. Norbanakoek ez ezik, herrietako entitateek ere parte hartu dezakete ariketan, eta horretarako izenematea zabalik dago jada. Ondorengo estekaren bidez apuntatu daitezke entitateak: https://entitateak.euskaraldia.eus/parte-hartu/.
Hernaniren kasuan, Dobera Euskara Elkarteko kideak ari dira antolaketa lanak dinamizatzen. Horregatik, herriko komertzio, kirol talde, kultur eragile edota auzo elkarteei luzatu diete entitate modura parte hartzeko gonbidapena: «Aurtengo edizioan, Dobera Euskara Elkarteko kideek dinamizatuko badugu ere, herriko eragileen parte hartzea sustatuko da. Bakoitzak bere aletxoa jartzeko espazioa eskaintzea izango da helburua».
Euskaraldiaren edizio honetan herri guztira iristeko helburua ere jarri du Doberak, ariketa Kaxkotik auzoetara hedatuta: «Orain arte ekintzak, izen emate postuak eta orokorrean Euskaraldia, kaxkoan zentralizatu izan da. Aurten ordea, herria bere osotasunean hartzea izango da helburua. Auzo guztietara zabalduz eta auzo elkarteen parte hartzea sustatuz».
Herri batzarra egingo dute otsailaren 26an
Helburu horiek betetzeko eta herritarren parte hartzea sustatzeko, herri batzarrerako deialdia egin du Dobera Euskara Elkarteak. Otsailaren 26an izango da, arratsaldeko 18:30etan, Sandiusterriko aretoan.
«Guztion artean antolatuko dugu Euskaraldia eta zuei ere parte hartzera gonbidatzen zaituztegu! Euskaraldia ikusgarria egin dezagun!».