Euskal Herriko 16. Mus Txapelketaren kanporaketa fasea amaitzear da. Bihar, Umore Ona elkartean jokatuko dute kanporaketa, arratsaldeko 16:00etan hasita. Onenentzat sariak izanen dira, eta Nafarroako finalerako pasea ere lortuko dute. Partehartzaileen arabera jakingo da zenbat bikote sailkatuko diren herrialderako finalera.
Martxoan amaituko da herrikako kanporaketa fasea, eta herrialdeetako kanporaketak martxoaren 22an jokatuko dira. Oraindik ez dira argitaratu non jokatuko diren final horiek. Hernaniarrek, astigartarrek eta ereñotzuarrek, Gipuzkoako herrialdeko kanporaketa jokatuko dute alde batetik eta goizuetarrek eta aranoarrek, berriz, Nafarroa Garaiko herrialdeko kanporaketa.
Euskal Herriko finala apirilaren 5ean jokatuko da Araban, Zigoitiko Gopegin.
Sari mordoa, irabazleentzat
50.000 euro baino gehiago banatuko dira sarietan. Eta irabazleek ez ezik, parte hartzaile bakoitzak oroigarria jasotzen du. Ondorengoak dira sari garrantzitsuenak: Txapeldunak, txapela, garaikurra, 3.000 euro eta Karibera bidaia lau lagunentzat; Txapeldunordeak, garaikurra, 1.500 euro eta bi lagunentzat Karibera bidaia; Hirugarren bikote sailkatuak, 750 euro eta asteburuko egonaldia lau lagunentzat; laugarren bikote sailkatuak 500 euro eta euskaraz ikasteko urte osorako 2 matrikula; 5.etik 8.era sailkatutako bikoteentzat 250 euro; 9.etik 16.era sailkatutako bikoteentzat 100 euro; eta herrialdeko finaletan txapelak, garaikurrak, asteburuko egonaldiak, bazkariak, afariak eta sari gehiago...
Egaña aita-semeek irabazi zuten Ereñotzun
Ereñotzuko kanporaketa jokatu zen urtarrilean, Irrintzi tabernan, eta Hodei eta Joxan Egaña aita-semeak izan ziren garaile 19 bikoteren artean.