Gipuzkoa arigune egitamos aurkeztu dute, komunitate zabala euskeraren erabileraren alde inplikatuko duena. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Taupa euskaltzaleen mugimenduak, Soziolinguistika Klusterra eta Badalabekin batera, arnas luzeko egitasmo berritzailea da, eta lankidetza haundiago bat lantzen ari dira. Gipuzkoan euskeraren ulermena orokortzea eta hiztunak euskaraz aritzearen aldeko kultura eta adostasun soziala nagusitzea ditu xede. Lau oinarri ditu egitasmoak: ikuspegi komunitarioa, antolaketa kolektiboa, adostasun zabalak eta metodologia berritzaileak. Gaur egun, 2.000 eta 3.000 biztanle arteko bi udalerri eta auzo batean pilotatzen ari dira: Antzuolan, Aian eta Donostiako Añorga auzoan.
«Gipuzkoa arigune etorkizuneko ikuspegi bat da. Eszenatoki bat da non edonork, edonorekin eta edonoiz euskeraz eroso egingo duen, eta euskera gizarte kohesionatuago bat lortzeko bide izango den. Honek esan nahi du, besteak beste, gipuzkoar gehien-gehienak euskera ulertzeko gai izango direla, eta gizartean euskal hiztunek euskeraz egitearen aldeko kultura eta adostasuna nagusituko direla», hitz horiekin aurkeztu zuten Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Taupa euskaltzaleen mugimenduak Soziolinguistika Klusterra eta Badalabekin batera sustatu duten egitasmoa.
Mikel Ozaita Taupa euskaltzaleen mugimenduko kidea da Gipuzkoa arigune egitasmoaren koordinatzailea, eta azaldu zuen sinistuta daudela gauza berriak esperimentatzeko unea dela, eta lurraldearen ezaugarriak aintzat hartuz, Gipuzkoari bide-urratzaile izatea dagokiola.
Egitasmo honen bidez, ulermena zein erabilera jarriko da jomugan. Mikel Ozaitak argi agertu duenez, «hiztun bakoitza, norbere gaitasunetik abiatuta, urrats bat egitera» animatu nahi dute: euskera gutxienez ulertzera iristeko «beharra eta gogoa sorrarazi» nahi dute oraingoz ulertzen ez duten horiengan, eta horretarako aukera berriak eskaini; eta ulermena oinarri gisa hartuz, «praktika linguistiko berriak aktibarazi» nahi dituzte.