Ander Hormazuri artistaren lanekin osatuko dituzte Kinkea promozioak

Kronika - Erredakzioa 2025ko ots. 12a, 00:00

Kinkea egitasmoa aurkeztu dute, presoen abo­katu eta mediku gastuak ber­matzeko laguntza kanpaina.

 

Kinkea egitasmoaren edizio berri bat aurkeztu zuten pasa den astean Oialume Zar sagardotegian. Presoen abo­katu eta mediku gastuak ber­matzeko laguntza kanpaina izaten da Kinkea. «Euskal presoen dispertsioa bukatu zen baina, lanean jarraitu behar dugu, berandu baino lehen, preso, iheslari eta deportatu guztiak etxean izateko. Bitartean, Kinkea promozioak bidelagun izango ditugu. 2025ko Kinkea promozioak aurkeztu berri ditugu. Ander Hormazuri dugu aurtengo artelanen egilea. Zortzi urte betetzen dira Kinkea izeneko egitasmoa abiatu genuenetik».

Zortzi urte hauetan berebiziko garrantzia izan du Kinkea egitasmoak «gure senide presoen asistentzia juridikoa eta osasun asistentzia bermatzeko» eta Etxerat elkartearen jarduera posible egiteko.

Baina ekimenak ez luke ezertarako balioko, milaka pertsonak Kinkearen konpromisoa hartu izan ez balute. «Zortzi urte horietan, euskal preso, iheslari, deportatu politiko eta haien senideekiko elkartasunari bide eman diogu».
Balio hori aitortu eta helarazi nahi dute Ander Hormazurik aurtengo Kinkea promozioetarako utzi dituen artelanen aurkezpenean. «Eskerrak eman nahi dizkiogu Ander Hormazuriri bihotzez, elkartasuna lehen pertsonan uztartu duelako bere obra eskainiz».

Lau artelan prestatu ditu Hormazurik

Lau arte lan prestatu ditu Ander Hormazurik aurtengo Kinkea izeneko promozioen bitartez Etxerat Elkartearen behar ekonomikoei aurre egiteko. Lehenbiziko promozioan, udaberriko promozioa alegia, Udaberria izeneko irudia banatuko dute. Udako promoziorako Udara titulua duen artelana banatuko da. Ondoren, udazkeneko promozioari dagokion ilustrazioa Udazkena titulupekoa izango da eta, laugarren promoziorako, Negua lana banatuko dute.
Beti bezala, 25 euroren truke ilustrazioa jasoko duen bakoitzak, zozketa baten parte hartzeko boleto bat jasoko du. Zozketak notarioaren aurrean, aplikazio informatiko baten bitartez gauzatuko dira martxoaren 21ean, ekainaren 21ean, irailaren 21ean eta abenduaren 21ean.

Banatutako boleto guztiak sartuko dira zozketa hoietan. Zozketa bakoitzean 20.000 euroko sari bat, 5.000 euroko 2 sari, 1.000 euroko 10 sari, 300 euroko 40 sari eta 100 euroko 60 sari zozketatuko dira. Informazio gehiago eta promozioaren oinarriak kinkea.eus en jaso ditzakezu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!