Mondragon Unibertsitateak Emakume eta Neska Zientzialariaren Eguna ospatuko du

Kronika - Erredakzioa 2025ko ots. 11a, 00:00

Unibertsitateak bere laborategietara bisita gidatuak eginez ospatuko du eguna. 

 

Mondragon Unibertsitateak bere laborategietara bisita gidatuak eginez ospatuko du Emakume eta Neska Zientzialarien Eguna. Atzo hasi eta ostegunera bitarte, otsailak 13, ikasleek fakultateko ikertzaile eta irakasleen egunerokoa ezagutzeko aukera izango dute. 

Unibertsitateak aditzera eman duenez, ekimenaren helburua izango da DBHko, batxilergoko eta lanbide-heziketako emakumezko ikasle gazteek bertatik bertara entzutea zientziaren eta teknologiaren alorretako erreferentziazko emakumeen testigantzak eta gogoetak. Horretarako, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak lau bisita antolatu ditu guztira: Arrasateko, Bilboko, Ordiziako eta Hernaniko campusetan egingo dituzte bisita gidatu hauek, eta bertan, ikasleek eta ikertzaileek erabiltzen dituzten laborategiak bisitatu ahal izango dira.

Bisita gidatua gaur, Galarretako EKO campusean

Hernaniko Galarretako EKO campusean bisita gidatua egingo dute gaur, otsailak 11, goizeko 10:00etatik 11:30etara bitarte, eta gehienez parte hartzaileen kopurua 30 lagunekoa izango da. «Campus honek garapen jasangarria du ardatz, eta teknologia-ezagutzak ingurumenarekiko erantzukizunarekin uztartzen ditu», azaldu du unibertsitateak.

Gaur Galarretako campusera gerturatzen diren ikasleek, aurrez aurre ezagutu ahal izango dituzte, besteak beste, gehitze-fabrikazioan, energia-biltegiratzean eta material aurreratuetan espezializatutako laborategiak, baita ingurumen-neutraltasunera bideratutako teknologia aurreratuak ere.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!