Hiru garaipen errenkadan lortu ondoren, kolpe gogorra jaso zuen Hernanik joan den astean, Pauldarrak aurkari zuzenaren kontra 4-0 galduta, nesken Euskal Ligan. Baina porrota azkar ahaztu, eta sentsazio onak berreskuratzeko asmoz ariko dira gaur etxean: Zarautz hartuko dute berdeek Zubipen, arratsaldeko 18:00etan hasita.
Sailkapenean toki erosoa hartuta, ahalik eta postu onenean bukatzeko lehia izango du Hernanik liga bukaerara arte; eta bide horretan, garrantzitsua luke zarauztarrak mendean hartzea, zortzi puntura urruntzeko. Hernaniarrak zortzigarren dira une honetan, 34 punturekin; eta zarauztarrak 11garren, 29rekin.
Bestelakoa da, denboraldi honetan, Ohorezko Erregionaleko mutilen lehia. Oso bolada txarrean daude hernaniarrak, azkeneko lau partiduak galduta, sailkapeneko 16garren postuan, 15 punturekin. Azkeneko 10 partiduetan hiru puntu bakarrik eskuratu dituzte, eta soilik Beti Gazte (14 puntu) eta Vasconia (7) dauzkate atzetik.
Mailari eusteko borroka horretan, bereziki garrantzitsua da gaur jokatuko duten partidua, Elgoibarren, 16:30etan Mintxetan. Sailkapeneko 15garrena da Elgoibar, 19 punturekin. Garaipena lortzeak, sailkapenean gerturatzeko ez ezik, animo aldetik indar haundia hartzeko balioko lieke berdeei. Porrota jasotzea, berriz, oso mingarria izango litzateke.
Oso garrantzitsua da asteburu honetako partidua Mundarrorentzat ere, mutilen Erregional Preferentean. Lasarte-Orian ariko dira, Ostadarren kontra, bihar eguerdiko 13:15etan Michelinen. Aurreko asteburuko garaipenak lasaitasun pixka bat eman die moreei, eta beheko postuetatik aldentzen jarraitu nahi dute, haiek baino lau puntu gehiagorekin dagoen talde bat mendean hartuta.