Errenteriara, igoera faserako txartelaren bila

Kronika - Erredakzioa 2025ko ots. 8a, 00:00

Elizegi, aurreko partidu batean.

Oiarsoren kontra ariko da Hernani gaur, 20:00etan, bigarren mailan. Irabazita, igoera fasea jokatuko du.

Partidu erabakigarria dauka gaur Hernanik, mutilen Gipuzkoako bigarren mailan. Errenterian jokatuko du, Oiarsoren kontra; eta irabaziz gero, igoera fasea jokatzeko sailkatuko da. Arratsaldeko 20:00etan izango da, Don Boscon.

Multzoko lau onenak sailkatuko dira igoera fasera, eta laugarren postuan dago Hernani. Oiarso, bere aldetik, multzoko azkena da.

Garaipenak ziurtatu egingo die igoera fasea jokatzea hernaniarrei. Galduz gero, berriz, Easoren eta Elgoibarren arteko partiduko emaitzaren zain geratu beharko du.

Gipuzkoako lehenengo mailari dagokionez, atzo iluntzean jokatu zuten Mundarroko neskek, etxean, Hoops taldearen kontra. Partidu garrantzitsua zuten astigartarrek, elkarren segidan baitzeuden sailkapenean, zazpigarren eta zortzigarren.

Mutilek, berriz, datorren astean ekingo diote jaitsiera saihesteko faseari. Aurreneko itzuliko emaitzak kontutan hartuko direnez, zortzi taldeko multzoan hirugarren ekingo dio Mundarrok, baina tarte haundirik gabe: bi puntura dauka azkenaurrekoa ere. Saski Axularren kontra jokatuko du aurreneko partidua, otsailaren 15ean, arratsaldeko 16:00etan Benta Berrin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!