Elkarren kontra jokatuko dute Iker Salaberriak eta Ekain Lizeagak bihar, bigarren mailako Binakakoan

Kronika - Erredakzioa 2025ko ots. 8a, 00:00

Eibarko Astelenan ariko dira, Gaskuerekin goizuetarra eta Larrazabalekin astigartarra, Salaverriren ordez. Arratsaldeko 17:30etan hasiko da jaialdia, eta bikote irabazleak ziurtatu egingo du play offa jokatzea.

Urumea bailarako esku pelotarien arteko lehia izango da asteburu honetan, maila profesionalean. Izan ere, aurrez aurre ariko dira Iker Salaberria goizuetarra eta Ekain Lizeaga astigartarra, bigarren mailako Binakako Txapelketan. Play offera sailkatzeko partidu klabea dauka Salaberriak, Andoni Gaskue ultzamarrarekin batera; eta ordezko gisa jokatuko du Lizeagak, beste asteburu batez. Oraingoan, joan den asteburuan bezalaxe, Ruben Salaverri errioxarraren tokian ariko da, Iker Larrazabal aramaioarrarekin batera.

Eibarren izango da hori, bi­har, 17:15etan hasita Astelenan. Bi bikoteentzat da partidu erabakigarria: sei garaipenekin berdinduta daude sailkapenean, eta irabazten duenak ziurtatu egingo du play offa jokatzea. Galtzaileak, berriz, ligaxkaren azkeneko jardunaldian jokatu beharko du txartela. Izan ere, beste bi bikote ere badaude haiekin berdinduta, Zabala-Eskuza eta Egiguren V-Bikuña; eta soilik puntu bat gutxiagorekin daude Darío eta Gabirondo, zazpigarren. Aurreneko sei bikoteek egingo dute aurrera, eta kontuak oso estu daude sailkapenaren erdialde zabal horretan.

 

Trinketean, Barandiaran eta Manterola aurrez aurre

Maila afizionatuari dagokione­an, elkarren kontra ariko dira Xabier Barandiaran astigartarra eta Unax Manterola hernaniarra, trinketeko buruz burukoan, lehenengo mailan. Irurako Ametsan jokatuko dute, gaur 10:30etan. Se­gidan ariko da Iñigo Labaka hernaniarra, maila berean, Behar Zanako Urruzolaren kontra.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!