Santa eskean, eztarriak urratzeko beldurrik gabe

Kronika - Erredakzioa 2025ko ots. 8a, 00:00

Ahots goxoz alaitu zituzten Astigarragako kaleak arratsaldean, Aiztondo abesbatzako kideek.

Gogoz abestu zuten bailarako herritarrek asteartean, plazaz plaza eta atariz atari, Santa Ageda bezperan.

 

Hutsik egin gabe, oles egitera atera ziren bailara osoko herritarrak asteartean, Santa Ageda bezperan. Eguerdi partean ikastetxeetako haurrak aritu baziren kopla kantari, arratsaldean herrietako talde ugari atera ziren kalera, plazaz plaza eta atariz atari gogoz abestera, eztarriak sano dauzkatela erakutsita. Urratzeko beldurrik gabe aritu ziren santa eskean, iluntzera arte.

Goizuetan adin guztietako herritarrak batu ziren kale bueltara. Ereñotzun talde ederra elkartu zen, usadioari merezi duen garrantzia eman eta, trafikoa ere etenda, etxeetako atarietan koplak abesteko eta bertsoz umorea zabaltzeko. Astigarragan ahots goxoz jantzi zituzten kaleak eta plazak, Aiztondo abesbatzako kideek. Eta Hernanin talde ugari atera ziren erronda egitera, kale buelta elkarrekin bukatzeko: Plazan batu ziren iluntzean, eta denek batera abestu zituzten hainbat kopla. Denek erakutsi zuten, bizi-bizirik dagoela ohitura zaharra.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!