Txotx denboraldian eraso matxistei aurre egiteko neurriak, martxan

Kronika - Erredakzioa 2025ko ots. 5a, 00:00

Emakumeon Etxea izango da eraso matxisten aurrean arreta emateko eta esku hartzeko gunea Astigarragan, otsaileko eta martxoko asteburuetan. Bestalde, ostiral eta larunbatetan telefono bidezko arreta ere eskainiko da.

Martxan daude txotx denboraldiko asteburuetan eraso matxistei aurre egiteko neurriak. Txotx garaia iritsi den honetan, bailarako udalek ere herria denboraldi berrirako prestatzen dute. Kasu honetan, Astigarragako Udalak gogorarazi du, herrian sortzen den jai-giroarekin batera, «batzuetan portaera desegokiak» izaten direla, eta horrek «bizikidetza arazoak» sortzen dituela: «Errespetu faltak, erasoak eta abar gertatzen dira txotx denboraldia aitzakiatzat hartuta, eta Udaletik argi utzi nahi dugu ez dugula horrelako jarrerarik onartuko». 

Aurten ere, Astigarragako eta Hernaniko udalek, txotx denboraldirako kanpaina bateratua aurkeztu zuten, urtarrilaren 29an Hernaniko udaletxean, 'Gure etxean zaude, zaindu' lelopean. Mezu honen bidez, txotx garaian bailarara datozen herriak eta bizilagunak zaintzeko eta errespetatzeko eskatu nahi izan dute. Bestalde, kanpaina bateratu hau kaleetara eramateko euskarri ezberdinak ere jarriko direla azaldu zuten.

Baina hori nahikoa ez delakoan, «herri bakoitzaren izaera ezberdina dela eta», kanpaina bateratuaz gain, Astigarragan be­reziki erasoei aurre egiteko hainbat baliabide eskainiko dira txotx denboraldiko asteburuetan. 

Guztira bost neurri berezi hartu ditu Astigarragako Udalak eraso matxisten aurrean arreta jarri eta esku hartzeko. Alde batetik, karpa morea egongo da, otsaileko eta martxoko larunbatetan, arratsaldeko 18:00etatik 22:00etara. Joseba Barandiaran plazan egongo da kokatuta karpa, eta eraso matxistak prebenitzeko eta horiei erantzuteko gunea izango dela azaldu dute. Bestalde, bi hilabete horietako larunbatetan, aurrez aurreko arreta-zerbitzua ere eskainiko da, gaueko 22:00etatik 04:00etara, Emakumeon Etxean. Beste alde batetik, telefono bidezko arreta-zerbitzua ere eskainiko da, otsaileko eta martxoko ostiral eta larunbatetan. 638 206 586 telefono zenbakira deitu beharko da laguntza behar izanez gero, eta arratsaldeko 18:00etatik goizeko 06:00etara bitarte egongo da martxan. Eraso matxisten aurrean arreta emateko zerbitzu hau Hernaniko Udalarekin batera eskainiko da. Astigarragako Udaltzaingoak txotx denboraldiko larunbatetan ere egingo du lan horretara bideratuta, goizeko 09:00etatik 02:00etara, eta beraiekin harremanetan jartzeko telefonoa 699 487 587 izango da. Azkenik, 'Nik sinisten dizut' txapa erabiliko dute udalerriko zenbait pertsonek. Txapa duten pertsona hauek, erasotua izan den pertsonari baliabideak eta jarraibideak emateko ardura izango dute.

Ostalaritza establezimenduei aholku eta jarraibideen protokoloa eman zaie

Aipatutako baliabideak martxan jartzeaz gain, ostalaritza establezimenduei indarkeria ma­txista eta arrazista kasuetarako aholku eta jarraibideen protokolo bat ere banatu diete, eta prestakuntza saio bat ere eskainiko zaie, erasoen aurrean nola jokatu jakiteko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!