Santa Ageda bezpera ospatuko da gaur, bailara osoan zehar

Kronika - Erredakzioa 2025ko ots. 4a, 00:00

Baserriz baserri eta kalez kale arituko dira herritarrak kantari eta makilak astintzen, musikak lagunduta.

 

Gaur ospatuko da Santa Ageda bezpera eguna, eta ohitura zaharrari eutsiko diote Urumea bailarako herriek. Hernanin, Astigarragan, Goizuetan eta Ereñotzun hirtzordu ezberdinak egongo dira kale buelta egiteko.

Hernanin Urumea Ikastolako LH3 eta LH4 mailako ikasleek erronda egingo dute goizean. Lehenik, zaharren egoitzara joango dira bertako egoiliarrei abestera, goizeko 10:30etarako. Ondoren, herrian barrena ibiliko dira, Elkano eraikina zegoen eremutik hasi, Udaletxeko plaza gurutzatu, Portalondora, handik Biterira, eta Tilos eskailera azpitik ere pasako dira. Ikastolako patiora 12:00ak inguruan iritsiko dira eta orduan abestuko dute. Arratsaldean ere berriz elkartuko dira ikastolako patioan, 16:15 inguruan.

Goiz Eguzki abesbatzak ere ezarri du hitzordua: arratsaldeko 17:00etan elkartuko dira zaharren egoitzakoei abesteko aurrena, eta ondoren kaxkotik egingo dute kale buelta.

Azkenik, Hernaniko Ohitura Zaharrak Taldeak, 1962an hasitako ohiturari jarraituz, 17:45etan Milagrosatik abiatuta, Kaxkoan egingo dute kale buelta. Amaitzeko, 19:00etan, Udaletxe aurreko plazan ekitaldi bateratua ospatuko dute. Hau da, Kantuz abesbatza, Goiz Eguzki abesbatza, eta Hernaniko Ohitura Zaharrak taldeak, bateginik, kantu saio bat egingo dute.

Astigarragan, 18:00etan irtengo dira Santa Ageda bezperako koplak kantatzera. Aiztondo abesbatza kalez kale ibiliko da kalejiran, Foru plazatik abiatuta. Norberto Almandoz musika eskolako 3. mailako tailerreko eta abesbatzako haurrek 19:15etan Kontxa Etxeberria plazan abestuko dute.

Goizuetan, berriz, arratsaldeko 18:30etan elkartuko dira herriko plazan, eta baserritarrez janzteko deia ere zabaldu dute antolatzaileek. Herriko ume, gazte eta heldu guztiei egin diete deia Santa Ageda egunean kalera atera eta elkarrekin abesteko, «denon festa baita». 

Ereñotzun 15:30ak aldera elkaruko dira Ur-mia elkartean eta arratsaldeko 16:00etan aterako dira santa eskean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!