Gipuzkoako zazpi barruko txapelketan, emaitza bikainak

Kronika - Erredakzioa 2025ko ots. 4a, 00:00

Ganix Urdangarin astigartarra.

Garaipena lortu zuten Ganix Urdangarinek, Endika Ramosek, Asier Salaberriak eta Axier Luluagak.

Bailarako lau palista ari dira jokatzen Gipuzkoako Zazpi Barruko Txapelketa, gizonezkoetan; eta lauek lortu dute garaipena, joan den asteburuan.

Nagusien lehenengo mailan, ibilbide bikaina ari da osatzen Ganix Urdangarin astigartarra. Aiako Aldalur nagusitasunez menderatu zuen ostiralean Txomiñenen (25-8), eta horrekin, jokatutako hiru partiduak irabazi ditu. Errepalako Indarekin berdinduta dago B multzoko lidertzan, eta elkarren kontra ariko dira azkeneko jardunaldian. Biek daukate ziurtatuta semifinaletarako txartela.

Multzo berean, estreinako garaipena lortu zuen Asier Salaberria astigartarrak, ostiralean Loiolan, Behar Zanako Aratz Luixaren kontra (25-12). Edonola ere, sailkatzeko aukerarik ez dauka dagoeneko.

Aldiz, semifinaletarako pasearen bila ariko da Endika Ramos hernaniarra, datorren asteburuan. Beotibarreko Goitiari irabazi zion ostiralean Txomiñenen (25-18), eta hirugarren dago sailkapenean, Oteizako Epelderekin berdinduta, bigarren posturako lehian. Aurrez aurre ariko dira datorren asteburuan, azkeneko jardunaldian; eta irabazlea sailkatuko da semifinaletara.

Nagusien bigarren mailan, berriz, final zortzirenetako kanporaketa jokatu zuen Axier Luluaga astigartarrak, eta 25-11 menderatu zuen Intxurreko Zabala. Eibarko Gisasola izango du kontrario final laurdenetan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!