Masterseko finalari saltsa polita jarri dio larunbateko estelarrak

Kronika - Erredakzioa 2025ko ots. 4a, 00:00

Ansari nola jokatu asmatu zuen Azpirozek larunbatean, finalaren atarian.

Aldabek eta Azpirozek 2-0 menderatu zituzten Ansa eta Zubiri, eta uitziarra izan zen onena.

 

Buruz buruko Masters Txapelketaren finalari begira daude erremontezaleak, eta ikusmin horri saltsa pixka bat gehitu dio joan den larunbateko jaialdiak. Endika Barrenetxearen baja tarteko, Xabier Azpirozek jokatuko du finala, Imanol Ansaren kontra; eta indarrak neurtzen hasteko, aurrez aurre aritu ziren biak larunbatean, binakako partiduan: uitziarrak lortu zuen garaipena, Kemen Aldaberekin batera, urnietarraren eta Aritz Zubiri goizuetarraren kontra (15-10 eta 15-13).

Azpiroz bera izan zen estelarreko onena, eta partiduak utzi zituen hainbat xehetasun, uitziarrari konfiantza emango diotenak. Pelota jaisten eta ezker pareta bilatzen asmatu zuen, eta horrekin min haundia egin zion Ansari. Urnietarrak, gainera, huts dexente egin zituen azkeneko jokoan. 

Azpiroz maila harrigarrian aritu zen aurreneko jokoan, eta 11 tanto lortu zituen: sakez hiru, eta peloteoan beste zortziak. Ezohiko estatistikak dira horiek, atzelari batentzat. Hori gutxi balitz, huts bakar bat ere ez zuen egin, aurreneko joko horretan.

Bigarren jokoa parekatuagoa izan zen, eta Ansa eta Zubiri 7-11 izan ziren aurretik, baina bukaeran urnietarrak egindako hutsei esker, buelta eman zioten Aldabek eta Azpirozek, sendo jokatuta.

Jaialdiko hirugarren partiduan, Aitor Aiestaran hernaniarrak jokatu zuen, Urtzi Gurrutxagarekin batera; eta bi jokotan lortu zuten garaipena, Jon Irazuren eta Ibai Martirenaren kontra, oso partidu lehiatuan: 15-14 eta 15-13 irabazi zuten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!